Clown ikuskizunak asteburuan Bilboko Pabilioi 6an

Hiru ekitaldiz osaturik dago ekainaren 15etik 17ra bitarte egingo dute Clown Zikloa. Bilboko Pabilioi 6 gune eszenikoan egingo dute, eta sarrerak 10 eurotan eskura daitezke.


Clown edo pailazo teknikak leku berezia du antzerkigintzan, izan ere, ikusleen barre algarak eta samurtasuna pizten duten pertsonaiek lana handia dute atzean. Nazioartean teknika oso zabaldua da, eta artista entzutetsu ugariren lanek errekonozimendu bereziak jaso dituzte.

Hiru ikuskizun izango dira, eta Que Par Che Teatro eta Ganso&Cia konpainietako hainbat aktorek parte hartuko dute berauetan. Euskaraz zein gazteleraz egingo dituzte, eta pertsonaia ezberdinen istorioak tartekatu: gainbeheran dauden baina ospea berreskuratzeko asmoz dabiltzan bi pertsonaiaren arteko maitasun istorioa, hainbat inprobisazio, jubilatutako hiru emakume, etab.

Sarrerak 10 eurotan eskuratu ahal izango dira antzokian bertan, emanaldien aurretik. 20:00etan hasiko dira Bilboko Pabiloi 6 gune eszenikoan.

Egitaraua


Ekainak 15, ostirala
20:00 Cabaret Panoli ikuskizuna (75 min.)
Ikuskizun laburrak tartekatuko dituzte Gorka Ganso, Cecilia Paganini, Maite Guevara eta Mariano Di Franco aktoreek. Bi konpainia, sei aktore, bost istorio, eta aurkezle bat. Barrez lehertzeko modukoa

Ekainak 16, larunbata
20:00 Los Pardos (60 min.)
Mariano Di Franco eta Maite Guevara aktoreek Los Francos maitasun istorioari buruzko interpretazio pertsonala egingo dute. Umorez jositako musikala da.

Ekainak 17, igandea
20:00 Inprobisaketak (75 min.)
Zazpi clownek inprobisaketa ikuskizunak eskainiko dituzte, barrez eta sorpresaz beterikoak denak.

Zer da Pabilioi 6?


Arte eszenikoak (dantza eta antzerkia) garatu eta ikusarazteko pabiloia da, eta sortzaileek eta ikusleek kudeatzen dute. Foru irekia da, eta emankizun berritzaile eta aberasgarriak aurkezten dira bertako eszenatoki gainean, etengabe. Sortzaileen eta ikusleen arteko topaleku izan nahi du, ekoizpen euskaldunei lehentasuna emanaz.