Cie Cacahuètek ikastaroa eskainiko du XX. Nazioarteko Clown eta Pailazo Jaialdian

Maiatzaren 7an eta 8an izango da eta guztira 10-15 ikasle inguruk parte hartu ahal izango dute, ostegunean 16:00etatik 20:00etara, eta ostiralean 10:00etatik 14:00etara goizez, eta 16:00etatik 20:00etara arratsaldez.



Aurten 20 urte beteko ditu Nazioarteko Clown eta Pailazoen Jaialdiak. Maiatzaren 8tik 10era bitarte egingo dute Arrigorriagan, eta Cie Cacahuète-ren bitartez, ‘L’enterrement de Maman XXL’ kale antzerki ikastaroa antolatu dute maiatzaren 7an eta 8an.

Konpainia frantsesak ‘L ́enterrement de Maman’ ikuskizun ibiltari eta satirikoa eskainiko du gainera,  maiatzaren 8tik 10era, eta konpainiaren sortzaileak, Pascal Larderetek, esperientzia berri batean parte hartu nahi duten pertsona boluntarioekin ere lan egingo du. Edozein gizarte klase eta belaunaldiko gizon eta emakumeek parte hartu dezakete, esperientziadunak eta esperientziarik ez dutenek, alegia.

Ikastaroa 10 eta 15 ikasle bitartekoa izango da eta 12 orduko iraupena izango du: maiatzaren 7an 16:00etatik 20:00etara eta maiatzaren 8an 10:00etatik 14:00etara goizez, eta 16:00etatik 20:00etara arratsaldez. Matrikularen prezio orokorra 120 eurokoa da eta ARTEKALEko kideentzat, aldiz, 100 eurokoa. Parte hartu nahi baduzu, deitu 620 543 668 telefonora edo idatzi incscripciones@aireaire.com.

Erakusketa: Igelen metamorfosia


Ikastaroaz gain, jaialdiak Corrado Masacciren "Igelen metamorfosia" erakusketa antolatu du. Igela ardatz duen txotxongiloen erakusketa hau apirilaren 29tik maiatzaren 13a arte egongo da ikusgai Udaletxeko erakusketa gelan. Proiektuak honakoa frogatu nahi du: txotxongiloa, berez, eskultura, pintura eta antzerkiaren sintesia dela.