CIC nanoGunek nano-istorioen lehiaketa sortu du gazteentzat

14 eta 17 urte arteko gazteek nazozientziarekin eta nanoteknologiarekin zerikusia duten istorioak sortu beharko dituzte.

CIC nanoGUNE ikerketa zentroak Nano-Istorioen Lehiaketa antolatu du lehen aldiz, 10alamenos9 Nanozientzia eta Nanoteknologia Jaialdiaren VII. edizioaren baitan. "Lehiaketa honen helburua hezkuntza-komunitatean eskala nanometrikoan mundua ezagutzeko interesa sustatzea, nanomundua deritzona, nahiz eta txikia izan, oso anitza eta interesgarria baita", azaldu dute antolatzaileek. 

Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan ikasten ari diren, EAEn bizi diren eta munduko edozein tokitako 14 eta 17 urte bitarteko gazte euskaldunei zuzenduta dago lehiaketa. Parte-hartzaileek, beraz, honako hezkuntza-maila hauetako batean jardungo dute: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailak, Batxilergoko 1. eta 2. mailak, Oinarrizko Lanbide Heziketa eta Erdi Mailako Lanbide Heziketa. Bi kategoria izango dira adinaren arabera. 

Lehiakide bakoitzak lan bakarra aurkez dezake. Nano-istorioek 200 hitz izan beharko dituzte gehienez, eta euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztuko dira. Abentura-kontakizunak, zientzia-fikzioa, fantasia, kontakizun soziala eta abar izan daitezke. Beste mota bateko lanak ere aurkez daitezke, hala nola olerkiak edo abestien letrak. Baldintza nagusia aurkeztutako lanak nanozientziarekin eta nanoteknologiarekin zerikusia izatea da.

Lehiaketak bi alderdi ditu. Lehenengoa, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokiona da, eta saria bi lagunentzako pack bat izango da, Eureka! Zientzia Museoaz gozatzeko. Ikastetxearen bidez izena emanez gero, 2022-2023 ikasturtean nanoGUNE bisitatzeko aukera ere emango zaie. Bigarrena, berriz, nazioartekoa da, egoitza bakoitzeko kontakizun saridunak lehiatuko dira, eta azken saria tablet bat izango da.

Parte-hartzaileek maiatzaren 20a, ostirala, baino lehen bidali beharko dituzte beren lanak. Lehiaketaren oinarriak webgunean kontsulta daitezke.