Chris Pratt: Heroi xelebrea

Ikasgela guztietan egoten da ikasle graziosilloa, ikasi askorik ez baina ikasgai astunena ere umorez zipriztintzen iaioa izaten dena.



Halaxe bota zuten Chris Pratt unibertsitatetik, lehen sei-hilekoaren ostean. Mauira (Hawaii) alde egin, Scooby Dooren marrazkidun furgoneta bat erosi eta "edan, porroak erre eta gasa, janaria eta arrantzarako materiala ordaintzeko gutxieneko orduak" lan egitera dedikatuko zela erabaki zuen. Harik eta Forrest Gump filmeko pertsonaia omentzen duen Bubba Gump Shrimp jatetxean zerbitzari lanetan ari zela zinemaren ateak ireki zitzaizkion arte. "Oso xelebrea zara; errodatuko dudan film batean agertu nahi duzu?", galdetu zion bazkaltzera joana zen Rae Dawn Chong aktore eta zuzendariak. Los Angelesera hegazkina hartu eta egun batetik bestera debutatu zuen Cursed: Part III (2000) filmean.

Everwood telesailak iraun zituen lau denboraldietan protagonistetako bat izan zen eta The O.C. arrakastatsuan bederatzi ataletan agertu. Ondorioz, hainbat film handitan parte hartzeko aukera izan zuen, Oscar sarietara izendatuak izan diren Moneyball (2011), Zero Dark Thirty (2012) edota Her (2013) kasu. Aldiz, Parks and Recreation telesailarekin leherrarazi du barrez AEBetako ikuslegoa; lehen denboraldian paper txiki bat egitekoa zen, baina jendeari hainbeste gustatu zitzaion Andy alfer eta inuxentea, aurten amaitu den zazpigarren denboraldira arte zaleen pertsonaia kuttuna izan dela.

Berezkoa du mutilak; tipo atsegina da, naturala, larunbat gaua garagardo eta txiste artean igarotzeko edonork koadrilan nahiko lukeen horietakoa. Ez da harritzekoa, beraz, The Lego Movie (2014) dibertigarriko protagonistari ahotsa jartzeko aukeratua izatea. Hala ere, umorea eta abentura uztartzen dituzten etorkizuneko blockbuster guztietan protagonista izateko hautagai bihurtu duen filma Guardians of the Galaxy (2014) bikaina izan da; pantaila handian aspaldian ikusi den superheroirik katxondoena da Star-Lord, zalantzarik gabe. Hain bihurtu da erakargarri, Spielbergek berak ere fitxatu duela dinosauroen sagari jarraipena emango dion Jurassic World estreinatu berrirako. Eta badirudi zinema industriako Midas erregea konbentzitu duela, zurrumurruek diotenez, Indiana Jones berria izango baita Pratt.

Chris Pratt


IZENA: Christopher Michael Pratt.
JAIOTEGUNA: 1979-06-21.
JAIOLEKUA: Minnesota (AEB).
EMAZTEA: Anna Faris aktorea.
LAGUNIK ONENA: Aubrey Plaza aktorea.
FILM MAITEENA: Bloodsport (Newt Arnold, 1988).
KIROL GUSTUKOENA: Boxeoa.
MAITE DU: Arrantza egitea.
GORROTO DITU: Saguak.