"Caspering"-a: Zer da eta zergatik da "ghosting"-a baino hobea

Nahi duzunean joan zaitezke, baina abisatu eta adeitasunez itxi atea.

Ghosting-a justifikaezina da. Ez dago arrazoi koherenterik egunetik gauera, inongo azalpenik gabe, desagertzeko. Jada ez zaizu interesatzen? Nahiago zenuke denboraldi bat bakarrik igaro, konplikaziorik gabe? Ados. Ez dute ezer txarrik egoera horiek, baina komunikatu besteari. Deserosotasun momentu hori pasa beharra dago, besteengatik egin dezakegun gutxienekoa da min emozionala arintzeko. Honi, gutxieneko horri, caspering-a deitzen zaio. 

Susmatuko zenuen bezala, 90. hamarkadako pelikula ezaguneko Casper mamu protagonistaren izenetik sortu da kontzeptua. Caspering-ak komunikazioa gradualki etetean datza, bat-batean izan beharrean. Desagertuz zoaz, baina ez tanpez. Ez duzu beste pertsona blokeatzen eta agurrik gabe uzten. Zure sentimenduak besteari komunikatzen dizkiozu eta bestearen aldetik lotura sakona badago, kontaktu hori modu progresiboan murrizten joatea da caspering-a. Modu honetara, besteari ere bere sentimendu propioak komunikatzeko aukera eskaintzen diozu eta sentitu lezakeen dezepzioa onartzen, itxiera bat edukitzen, finean. Mundu guztiak merezi du minimo hori, amaiera adeitsu bat. 

Ikerketa ezberdinek adierazi dutenez, pertsonok itxiera baten beharra izan ohi dugu, ez zaigu anbiguotasuna gustatzen eta harreman baten amaiera zerk sortu duen jakin nahi izaten dugu. Horrenbeste kostatzen al da zintzoak izan eta sentitzen duguna komunikatzea? Horrenbeste kostatzen da bestearekiko errespetua erakustea? Ghosting-ean bat-batean desagertzen gara, caspering-arekin adeitasunez eta komunikatuz. Joateko atea irekitzen dugu, baina bestea jakinaren gainean jarriz eta irribarre batekin. 

Ez du axola pertsona hori zuretzat garrantzitsua izan den ala ez, beste pertsonak loturak garatu ditzake lau aldiz soilik ikusi bazarete ere. Gainera, adituen esanetan, caspering-ak norberari ere laguntzen dio: ausartak izaten erakusten digu eta elkarrizketa zailak izatera ohitzen, ezkutatzen ibili beharrean. Heldutasuna erakusten duen jokabidea da finean.