Capturing the Friedmans ****

Friedman familiaren iragan mikatzaz dihardu Andrew Jareckik Capturing the Friedmans dokumental apartan. Baina, sakonean, gizarte demokratikoaren moral bikoitzaz, lege sistemaren justiziarik ezaz eta komunikabideen jokabide ustelaz ere hitz egiten digu. Amets amerikarraren labela duen familia eredugarri horietakoa zen Friedmandarrena. Informatika irakasle judu atsegina da Arnold Friedman. Ezkonduta dago, eta hiru seme ditu. Izen ona du auzoan eta inguruan, eta bizilagun guztiek estimu handia diote. Egun batean, ezustean, polizia etxean sartu eta Arnold Friedman eta Jess —haren semerik gazteena— pederastiaz akusatuta kartzeleratuko ditu. Eta, bat-batean, ametsa amesgaizto bilakatuko da. Friedman familiaren egunerokotasuna erretratatzen du Jareckik, familia beraren etxeko bideo-grabazioak erabiliz. Eta, era berean, agerian uzten ditu atxilotuei bortxaketak eta sexu gehiegikeriak leporatu zizkieten lekukoen testigantza kontraesankorrak, poliziaren asmakeria kafkarrak, epaileen jokabide makurra eta komunikabideek egindako epaiketa paraleloa; Friedman aita-semeen erruduntasuna bera auzian ipiniz. Salaketa-dokumental ausart eta bikaina da Capturing the Friedmans.