Campusari musika eta hitza jarri!
Unibertsitateei doinua jartzeko lehiaketa jarri dute martxan; proposamenak Youtubeko grabazio baten estekaren bidez aurkeztu beharko dira.
Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU), Tecnun Nafarroako Unibertsitateko Ingeniarien Eskolak eta Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiak Campusari musika eta hitza jarri izeneko kultur lehiaketa jarri dute martxan, hiru erakundeetako edozein zikloko ikasleei zuzenduta.
Parte hartzeko taldeak 2-4 ikaslek osaturikoak eta mistoak izango dira, eta gutxienez bi taldekide lehiaketa antolatu duten unibertsitate ezberdinetakoak izan beharko dute. Talde bakoitzak musika eta literatur testuen arteko konbinazio bat edo batzuk proposatuko ditu.
Lehiaketara aurkeztutako proposamenak Youtubeko grabazio baten estekaren bidez aurkeztu beharko dira. Literatur testua euskaraz edo gaztelaniaz idatzi ahalko da, eta asko jota 300 hitz izan beharko ditu; erabilitako musika berriz, aipatu beharko da. Era berean, hitzak eta musika unibertsitateko bizitza islatzea bilatzen dute.
Hiru sari banatuko dituzte, 400, 300 eta 200 eurokoak, eta lanak aurkezteko epea abenduaren 31n amaituko da. Animatu!