Cambridgen margolan bat kendu dute begetarianoen kexak jasota
XVII. mendeko obra flandiarrak animali hilak erakusten ditu bodegoi batean.
The Fowl Market (Hegaztien Merkatua) Frans Snyders margolariaren estudiotik ateratako obra da, XVII. mendean egina, eta Cambridgeko unibertsitatean egon da eskegita orain arte. Hemendik aurrera ordea Fitzwilliam Museoan izango da ikusgai, unibertsitateko hainbat ikaslek margolanaren aurkako protestak egin ondoren; hain zuzen, Telegraph egunkarian unibertsitateko arduradunek adierazi dutenez, haragirik jaten ez duten ikasleentzat obra "nazkagarria" zen, eta kentzeko eskatu zuten. Hain zuzen, margolanean hildako animaliak ikusi daitezke, besteak beste, hegaztiak eta basurdeak.
Obra ez da originala, izenik gabeko kopia baizik; originala, 1618 eta 1621 urte bitartean margotua, Errusiako San Petersburg-eko Hermitage bildumaren parte da XVIII. mende amaieratik.