Burujabetza helburu duen erakunde berria aurkeztu dute ehunka ikaslek: Ikama

Ikama ikasle antolakunde berria da ikasleria martxan dela laburbiltzen duen izenaz. Elizondon aurkeztu da larunbat honetan.

Ehunka gaztek: «Euskal Herriko hezkuntza ereduak irauli eta gure neurrira egindako hezkuntza egitasmoa eraikitzeko antolatu eta borrokatu duen ikasle antolakundea dela» adierazi dute. Proiektua pasa den urtean Donostian egindako asanbladan sortu zela informatu dute: «Tokian toki bakoitzak garatutako borrokak partekatu genituen, ikasle borrokak izan behar zukeenaren inguruan hausnartu eta ikasle subjektu berri bat eratzeko beharra sentitu genuen».

Borrokarako gogotsu daude, lanerako prest, izan ere euren hitzetan: «Ikasle izatea bada klasean lokartuta egotea aurreko gaua ikasten pasa duzulako, ikasle izatea bada ikaskideak lagun bilakatu eta haiekin amestea, ikasle izatea bada Historiako irakasleak gure herriaren historia berriro ere bere ikuspegitik kontatu duela ohartu eta amorratzea, ikasle izatea bada eskola liburuetatik kanpo liburuetatik baino gehiago ikasten duzula konturatzea. Baina ikasle izateari zentzua ikasle mugimenduak ematen dio guretzat, bizi ditugun zapalkuntza horien aurrean bestelako ereduak martxan jartzea delako ikasle izatea. Ezagutu, saretu, elkartu, antolatu eta batera egungo hezkuntza sistema iraultzeko ardura hartzea da ikasle mugimenduan egotea. Horregatik gaude gu guztiok gaur hemen, martxan gaudelako eta aurrera elkarrekin eta noranzko berean jarraituko dugulako. Jakin badakigulako ez dagoela ideia baten alde borroka egitea baino ezer politagorik, ezta borroka horretan kide ditugun baino lagun hoberik».

Aste honetan berriz ere umeak klaseetara itzultzeari dagokionez Ikamak adierazi du agintarien utzikeria eta inprobisazioa ikaragarria dela, ikasleak aintzat hartu gabe diseinatutako plan bat ezarriz. Hori dela eta, adierazi dute bihar, irailak 15, kaleak hartuko dituztela hezkuntza komunitatearekin batera.