'Burrowcore': zure etxea ipuin itxurako toki bilakatzen duen joera

Etxeko goxotasuna eta lasaitasuna nabarmentzea da helburua, izaeraz betetako dekorazioaren bitartez.

Azken urteotan dekorazio minimalista izan da nagusi: espazio zabalak, tonu neutroak eta diseinu garbiak. Estetika horrekin zerikusi handirik ez duen burrowcore izeneko beste bat ari da, ordea, agertzen. Estilo horrek etxearen historia, arima eta izaera gailentzearen alde egiten du. 

Burrow hitzak "gordeleku" esan nahi du ingelesez. Haurrentzako ipuin baten barruan bizitzea izango litzateke nolabait. Gordelekuaren erakargarritasuna iradokitzen du, egoera geopolitiko ezengonkorra bizi dugun garaian. Zurrunbilo horretatik ihes egiteko babesa ematen duen bizitokia, etxe barnealdea, sortzea da kontua. Hainbat elementu izan ditzake: beheko sua; liburuz, altxor txikiz eta potez betetako zurezko apalak; besaulki bigunak; gortina astunak; hormetan lore-paperak, erretratuak eta landa paisaiak; alfonbra bigunak; argi ahula, mantak, kuxinak eta bizkotxo egin berria mahai gainean.

Etxea erabat txukun eta ezkutuan izatea ere ez da nahitaezkoa. Liburuak pilatuta, ontziak begi-bistan eta apal beteak onartzen dira. Zenbaitentzat kaotikoa izango dena, baina beste batzuentzat identitatearen seinale. Koloreak, berriz, lurrarekin loturikoak dira.

Izaera duten objektuak daude etxean, han bizi direnei buruzko zerbait esaten duten gauzak. Bigarren eskuko objektuak izan daitezke, familiakoengandik jasotakoak, artea eta norbere oroitzapenak uztartzen dituztenak. Istorioak daude haien atzean. Bizitzen arrastoak. 

Etxe barruan ere, erritmo lasaiagoari jarraiki, bizipenak eraikitzea izaten da asmoa: fruta bildu eta marmelada egin, beheko suaren ondoan eseri irakurtzeko edo istorioak entzuteko, familiarekin tea hartu...

Produktibitatearen, berehalakotasunaren eta azkartasunaren garaian, patxadaz bizitzeko gonbita egiten diguten etxeak dira. Umetan irakurtzen genituen liburuetan agertzen ziren etxe haietan bezala bizitzeko saiakera da.