'Buffalo Kids' filma estreinatuko dute gaur, euskaraz, Hegoaldeko zenbait zinematan

Bi anaia umezurtzek, osabarekin elkartu nahian, biziko duten abentura kontatzen du filmak.

Tadeo Jones pelikularen ekoizle eta gidoilarien animaziozko lan espainiarra, Buffalo Kids, emango dute gaurtik aurrera, euskaraz, Hegoaldeko zenbait zinematan. Zineuskadik sustatutako Zinema Euskaraz programaren barruan aurten emango duten zazpigarren filma izango da.

Tom eta Mary dira filmeko protagonistak, bi anaia umezurtz. New Yorken lehorreratuko dira, XIX. mendearen amaieran, eta osabarekin elkartzeko, Mendebalde Basatia zeharkatzeko tren batean polizoi gisa sartuko dira. Nick ezagutuko dute bertan, beren bizitzak betirako aldatuko dituen lagun berri eta aparta. Elkarrekin bidaia arriskutsu batean murgilduko dira, bilau gaiztoei aurre eginez, ustekabeko lagunak ezagutuz eta egoera paregabeak biziz.

Honako zinema-aretoetan proiektatuko dute filma: Bilboko Golem Alhondigan, Iruñeko Golemen, Bilboko Multicines 7 zinemetan, Errenteriako Niessen zineman, Gasteizko Florida eta Gorbeia zinemetan, eta Donostiako SADE zinemetan.

Laster beste estreinaldi batzuk ere izango dira, esaterako, Zentral Parkeko heroiak lana ikusi ahal izango da abuztuaren 27tik aurrera.