Bueltan da Dock Of The Bay
Gaur hasiko da Donostiako Zinema Dokumental Musikalaren Jaialdiaren hamahirugarren edizioa.
Donostiako Zinema Dokumental Musikalaren Jaialdia, Dock of the Bay izenekoa, gaur bertan hasiko da Trueba zinema-aretoan, eta larunbatean amaituko Antzoki Zaharrean. Sei egun horietan zehar, proposamen interesgarriz beteko dira aretoak. Edizio biribila izango da, 26 proiekzio eta 7 estreinaldirekin. Sail ofizialean bederatzi lanek parte hartuko dute; bestalde, lehiaketaz kanpoko film luzeen atalean, Perfect Day izenekoan, 11 film jarriko dira ikusgai. Gainera, Paint it black atzerabegirakoak Daniel Johnston omenduko du. Ameriketako Estatu Batuetako underground eszenako figura garrantzitsuenetako bat izandakoa irailean zendu zen bihotzeko batek jota.
Gaurko jardunaldiari hasiera emateko “PJ Harvey: A Dog Called Money” proiektatuko da, PJ Harvey musikariaren inspirazioa, konposizioa eta disko baten grabazioa ezagutzeko bidaia intimo bat. Horrez gain, “Lil Peep: everybody’s everything” filma ikusteko aukera ere izango dugu. Terrence Malick zinegileak ekoiztutako elegia zirraragarria, Lil Peep protagonista duena: emo-trapen ikono, hogeita bat urte besterik ez zituela hil zen gaindosi batek eraginda eta bat-bateko ospearen zamaren pean.
Italiako “At He Matinee”-k, astelehena 13an proiektatuko denak, 80ko hamarkadan munduko klub famatuena izandakoa, CBGB, ezagutzera ematen du Walter Schreifelsen, New York hiriaren eta hardcore musikaren bitartez.
Dock of the Bay Elkarrizketak
Aurten jaialdiak formatu berri baten alde egin du apustu: Dock of the Bay Elkarrizketak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirolak Departamentuaren babesari eta Musikeneren lankidetzari esker. Elkarrizketarako gune bat zinearen eta musikaren arloetako bi gonbidaturekin. Gune atsegin eta hurbil bat, non, ordu eta erdiz, haien proposamenak entzuteaz gain zuzenean aritu ahal izango garen solasaldian haiekin. Bi egun, bi elkarrizketa.
Urtarrilaren 15ean, parte-hartzaileak hauek izango dira: Garbiñe Ortega, Punto de Vista-ko zuzendari artistikoa, eta Stefano Scarani, Musikan doktore eta nazioarteko ekitaldietan ibilbide magistrala egina konpositore gisa. Hurrengo egunean izango ditugu Mireia Iniesta, zineko irakaslea eta programatzailea Craft Film Festival-en, eta Aitor Etxebarria, konpositorea eta musikaria. Bi “Elkarrizketak” Koldo Mitxelena Kulturunean izango dira, 19:00etatik 20:30era. “Elkarrizketak” elkarraldietara bertaratu nahi duzuenek bidali email bat helbide honetara: info@dockofthebay.es.
Epaimahaia
Hamahirugarren edizio honetako epaimahaia hauek osatua da: Nacho Vegas musikaria, Garbiñe Ortega irakaslea eta Punto de Vista-ko zuzendaria artistikoa, eta Koldo Almandoz zinegilea.
DockLive
Dock Live!-k hiru saio berezi izango ditu aurten urtarrilaren 15, 16 eta 17an Tabakaleran. Asteazkena 15ean 21:00etan Joseba B. Lenoiren txanda izango da. “Bai, bagera” dokumentalaren musika zuzenean Larraitz Zuazo zuzendariaren muntaia alternatibo batekin. Osteguna 16an 21:00etan, Elena Setiénen kontzertu-akelarre bat, 1922an Benjamin Christensenek zuzendutako Haxän kultuko pelikularen remix alkimiko batek lagundua, Koldo Almandozen ikuspegitik.