'Bridgerton' telesailaren 5. denboraldia: Francesca ala Eloise?
Laugarren denboraldia estreinatu berritan, hurrengo protagonista nor izango den jakin zain daude zaleak.
2020an estreinatu zen Julia Quinnen nobeletan oinarritutako Bridgerton telesaila, eta harrera beroa izan zuen. Denboraldi bakoitzak telesaila bera eta jarraitzaile kopurua errotu du. Aurten bi zatitan estreinatutako laugarren denboraldiak Benedict eta Sophieren arteko maitasun istorioa izan du ardatz, eta zaleak bosgarren denboraldiaren zain daude dagoeneko.
Bosgarren denboraldia garapen fasean dagoela jakinarazi dute, eta 2028rako estreinatzea espero dute, azkenaldian denboraldi batetik besterako epeak murriztu dituztela ikusita, 2027an iritsiko den itxaropena ere baden arren.
Ohikoa den legez, familiako beste kideren baten istorioa izango da protagonista hurrengo denboraldian, eta jakin-min handia piztu da protagonistaren bueltan. Nahiz eta ez duten ofizialki jakinarazi, Eloise eta Francesca Bridgerton dira hautagai nagusiak. Hain zuzen ere, Jessica Brownell telesailaren gidariak hurrengo istorioetako protagonistak haiek izango direla baieztatu du jolas moduko baten bidez, baina ez du ordenik zehaztu.
Laugarren denboraldiaren amaieran, Benedict eta Sophieren ezkontzako eszena batean, bi ahizpak hizketan ageri dira. Eloisek argi uzten du ezkontzez gozatzen duela baina gonbidatu gisa bakarrik, eta Francescak, alargundu berritan, ez duela berriz ezkontzeko asmorik ihardesten du.
Bosgarren denboraldiaren pertsonaia nagusia Eloise izango balitz, jatorrizko eleberrietako istoriei jarraiki, Philip Cranekin sortutako maitasun istorioa kontatuko lukete. Eloise, orain arte, ezkontza saihesten aritu da, konbentzio sozialei izkin eginez, baina badirudi etorkizuna bestelakoa izango dela.
Francesca hautatzen badute, berriz, emakumeen arteko maitasun istorio bat izango litzateke. Michael pertsonaia, Francescaren senarra izandakoaren lehengusua, Michaela, lehengusina, bihurtu dute telesailean, eta, beraz, LGTBIQ+ istorioa sortu dute.
Denbora kontua izango da bosgarren denboraldian Francesca ala Eloise aukeratu duten jakitea, baina ziur asko zaleek beso zabalik hartuko dituzte biak ala biak ere.