BRASILDAR EMAKUME HAUEK EUREN ETXE PROPIOAK SORTZEN ARI DIRA

Baliabide gutxiko emakumeak ahalduntzen laguntzen ari da arkitekto bat eta emaitza itxaropentsua da zinez.

Munduan feminismoa gero eta zabaldua dagoen arren, emakume askoren oinarrizko eskubideak urratuak izaten jarraitzen dute,  etxebizitza duin bat edukitzea kasu. Carina Guedes arkitektoak arazo hori konpontzeko “Arquitetura Na Periferia” proiektua sortu zuen, etxebizitza ezak emakume eta haurrengan dakartzan sufrimenduak gutxitzeko asmoz.

Bizitzeko leku baten bila familia asko hiri eta herrien kanpoaldera mugitzen hasi dira eta bertan emakumeek euren autonomia galtzen dute, askozaz ere sakrifizio handiagoak egin behar izaten baitituzte gizonezko batek eraikitako etxean aterpea lortzeko.

Arazo horren aurrean, Guedesek bere lagun arkitektoak elkartu eta aipatutako proiektua sortu zuen egoera hau aldatu eta emakumezkoei kanpoaldean euren etxe propioak sortzen irakasteko helburuarekin. Gainera, Guedes buru duen proiektua emakumezkoz bakarrik dago osatua. Horrela, arkitektoen laguntzarekin eta euren eskuekin, beren etxe propioak eraikitzen dituzte lehen adreilutik azkeneraino.

Egun, Paulo Freire eta Eliana Silva faveletan dabil proiektua eta leku horietan aurrerapen izugarriak lortu dituzte emakumearen eskubide zibilen inguruan eta baita emakumeek euren etxeetan erabakitzeko botereari dagokionez ere.

Askoren poz eta zorionerako “Kanpoaldeko Arkitektura” bezala itzuli genezakeen proiektua geroz eta hobeto doa. Hain ondo, ezen azken dirua biltzeko kanpainan 109.622 mila dolar (97.437,51 euro inguru) lortu baitzituzten 77 mila dolar (68.441,45 euro inguru) biltzea baldin bazen ere helburua. Baina argi dago, ekimen honen arrakastarik handiena emakumeak euren etxe eta patuaren jabe direla ikustea dela. Bejondeiela!