'Bost teilatu' filma aurkezten ari dira herriz herri

Udalbiltzak antolatutako 'Geuretik Sortuak' ekimenetik jaiotako bost film laburren bilduma da.

Bost teilatu filmak laurogei minutuko iraupena du, eta Euskal Herriko bost udalerritan garatu eta filmatutako laburrez osatua dago. Amancay Gaztañaga eta Erika Olaizolak zuzendutako Krak pieza Tafallan egina da, Raul Barrerasen Arnasa Hernanin, Josu Martinezen Hitzak Baigorrin, Leire Egañaren Erlojupekoa Galdakaon, eta Eñaut Castagneten Muga Beran eta Lesakan.

Doluan zentratutako drama fantastikoa da Krak, Kamikaz kolektiboko Amancay Gaztañaga eta Erika Olaizolak zuzendua. Biak dira filmeko aktoreak ere. Bi bizilagunen arteko konexioa erakusten du, bakoitzaren etxeko animalien bitartez.

Kliska filmak ekoiztetxearen Arnasa, berriz, Raul Barrerasek zuzendu du eta Eneko Sagardoy eta Zorion Egileor dira aktoreak. Basoan galdutako baserri batean bizi dira aitona eta biloba; azken hau hiritik itzuli da aitona bere azken egunetan zaintzeko. Identitate sexualaren gaia ere jorratzen du filmak.

Josu Martinezen Hitzak (Gastibeltzak ekoitzia), zinegileak Baigorrin zuzendutako hirugarren labur historikoa litzateke, kasu honetan Bost teilatu bildumaren baitan sartu duena. Hirurogeigarren hamarkadan kokatzen da, eta lurperatutako pospolo kaxetan euskarazko hitzak topatzen dituen Michelle du protagonista, Paristik itzulitako euskalduna.

Bira Produkzioak-eko Leire Egañak zuzendutako Erlojupekoa dator ondoren. Umore absurdoa erabiliz kritika soziala egiten duen laburra da; janaria banatzeko misioa duen rider batek (Belako taldeko Lore Nekane Billelabeitia aktore lanetan) bereak eta bi ikusiko ditu helmugara iristeko, Galdakaotik barrena ibiliz.

Azken laburra da Eñaut Castagnetek zuzendu eta Gastibeltzak eta Mirokutanak ekoitzitako Muga da. Kamaru afrikar gazteak Espainiako eta Frantziako Estatuen arteko muga zeharkatu nahi du eta, bien bitartean, mugatik gertuko herri batean, Lesakan, gotortzen da baserritar baten laguntzaz (Kandido Uranga).

Herriz herri
Martxoaren 31n egin zen filmaren aurrestreinaldia Leitzako herri aretoan. Orain herriz herri ari dira emanaldiak egiten, zinemagileetako bat bertan dela, eta hauek izango dira hurrengo hitzorduak: apirilaren 8an, Uztaritzen, Josu Martinezekin; apirilaren 10ean, Ondarroan, Raul Barrerasekin; apirilaren 10ean, Usurbilen, Bira produkzioak-ekin; apirilaren 21ean, Amasa-Villabonako Gurea antzokian, Leire Egañarekin; apirilaren 22an, Baigorrin, Josu Martinezekin; apirilaren 26an, Hernanin, Raul Barrerasekin; apirilaren 28an, Leitzako Herri Aretoan, Raul Barrerasekin; eta apirilaren 30ean, Antzuolan, Raul Barrerasekin.