Bost sortzaile egonaldia egiten ari dira Donostiako Tabakaleran

Euren proiektu artistikoak garatuko dituzte sei asteotan.

Tabakalera, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Euskal Herriko Unibertsitateak jarri dute abian egonaldi-programa, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin. Programa honek ikerketa, sormena eta artearen, zientziaren eta teknologiaren profesionalizazioa sustatzea du helburu. "Gaur egun, teknologiak gure egunerokotasunean izan duen bilakaerak eta ezarpenak aipatutako diziplinen bat-egitea eragin du, eta horrek arte-adierazpen berriak sortzea ekarri du; horiek izango dira, hain zuzen ere, Tabakaleran biziko diren praktiken ardatz nagusia", azaldu dute programaren sustatzaileek. 

Martxoan egindako deialdian aurkeztutako proposamenetatik bost hautatu zituzten eta aste honetan hasi dute sei asteko iraupena izango duen egonaldia, Tabakalerako Artisten Gunean. Hala, euren proiektuak garatzeko tokia, testuingurua eta denbora izango dute. Gainera, EHUko eta Tabakaleko kideen laguntza jasoko dute, egitasmoen jarraipena egingo dute eta horiek garatzeko ezagutza teknikoa eskainiko dieten zenbait adituren laguntza ere izango dute. Bestetik, zenbait ikerketa-zentroetako profesionalekin eta artistekin harremanetan ere izango dira. 

Hauek dira egonaldia egiten ari diren sortzaileak eta proiektuak: Antton Goikoetxea, "s/t"; Pama Canoles, "Oleajes Eléctricos"; Danel Garay, "La ciudad invisible"; Victoria Ascaso, "Alma 1.0" eta Oriol Pares, "Quantum Harmonic Oscillator".