Bost izarretako urtea
Igarle lanak egiteak ez du meritu handirik izaten askotan; 2009an zeresana emango duten pelikulak asmatzeko orduan, adibidez. erreportaje honetako bost filmak tartean izango dira; besteak beste, dirutza mugitu delako haien inguruan. baina kasu! Horrek ez du esan nahi onenak izanen direnik: Zorionez, beste ustekabeko atsegin asko ere utziko dizkigu 2009 urteak.
Ez dira superheroi arruntak
Alan Moorek eta Dave Gibbonsek Watchmen eleberri grafikoa argitaratu zuten 1987-1988 urteen artean. Istorio horrek bestelako estatusa eman zion orduko komikigintzari, eta kultuzko bihurtu. Hogei urte baino gehiago behar izan dira pantaila handirako jauzia egiteko. Zack Snyder arduratu da eleberria egokitu eta pelikula bihurtzeaz. Lehenago beste bat egokitu zuen, Frank Milleren 300, hain justu. Dirudienez, emaitzarekin gustura geratu ziren, eta oraingoan erabateko askatasuna izan du moldaketa egiteko. Okerrik ezean, martxoaren erdialdera estreinatuko da Watchmen.
Bikote ospetsua, hondoratu arte!
1997a Titanic-en urtea izan zen. James Cameron jaunak zuzendutako ekoizpen garesti hark munduko kutxak lehertu zituen. Pelikula hartako bi protagonistak aktore ezagunak dira gaur egun: Leonardo DiCaprio eta Kate Winslet. Horrexegatik piztu du hainbesteko ikusmina Revolutionary road-ek, Winslet eta DiCaprio batera aritu direlako berriro. Baina etzazue gaizki pentsa, filmaren zuzendaria Sam Mendes baita (American Beauty, Road to Perdition), Kate Winsleten senarra. Richard Yatesen eleberri bat oinarri hartuta, pelikulak 50eko hamarkadara garamatza. Bi protagonistak ezkonduta daude, bi seme-alaba dituzte eta, itxura guztien arabera, zoriontsu dira. Estreinatu aurretik, Oscar sarietarako faboritoen artean dago jada.
Berriro elkarrekin
David Fincher zuzendariaren eta Brad Pitt aktorearen arteko elkarlana emankorra izan da orain arte: Seven gogoangarria (1995) eta Fight club bortitza (1999). Hirugarren honek The curious case of Benjamin Button izena du, eta Francis Scott Fitzgerald idazlearen narrazio labur bat du oinarri: urteak pasatu ahala, zahartu beharrean, gaztetzen den pertsona baten istorioa. Pitt jaunak Cate Blanchett (Babel, Aviator ) izan du aldamenean. Bien arteko amodioa ia ezinezko bihurtuko da Brad Pittek antzeztutako pertsonaiak, Benjamin Buttonek, duen gaitz bitxia dela eta. Buttonen zahartze eta gaztetze prozesuak sinesgarri egiteko, Contour izeneko teknika berritzailea erabili dute.
Hamaikagarren iraultza
James Cameron zuzendariaren Avatar filmak zinemagintzaren istorioa aldatuko duela dio zenbaitek enegarren aldiz. Seguruenik ez da horrenbesterako izanen, baina Titanic pelikulako zuzendariaren azken proiektuak ikusmina sortu du. Uda parterako espero da estreinaldia. Hiru dimentsiodun teknika berritzaileenak eta kamara birtualak erabili dituzte filma egiteko. Efektu bereziek egiten dute Avatar horren ikusgarri. Istorioaren mamia teknikaren maila berean ote dagoen ikusi beharko da. Zientzia fikziozko filma da, eta etorkizuneko parametroetan arituko dira protagonistak: Sam Worthington, Zoë Saldaña eta Sigourney Weaver.
Irudimena hegan
Zaila dute, baina aurreko lanen arrakasta gainditzen saiatuko dira aurten ere. Wall:e filmarekin lortutako ospearen ondotik, Pixarren ez dute atsedenik hartu eta, dagoeneko, prest dute harribitxi berria. Erabateko aldaketa ekarriko digu Up izeneko filmak. 70 urteko agure batek gailu hegalariak aztertzen ditu. Berak globoak erabiltzen ditu, hegan egiteko modu onena baita. Monster Inc. filmeko Pete Doctor arituko da zuzendari lanetan.