Bost antzerki emanaldi egingo dituzte Nafarroako Antzerki Eskolan

Euskara ikasleei zuzendutako antzezlana izango da lehena, urriaren 25ean.

Iruñeko Udalak antolatutako Antzerki Aroa, euskarazko antzerki-zikloaren, udazkeneko edizioa urriaren 25etik azaroaren 22ra izango da martxan, eta bost antzezlanek osatuko dute egitaraua.

Aurten, zikloa aurkezteko emanaldi berezia antolatu dute, euskara ikasle helduei zuzendua. Amaia Bonok Belarri prest. Nire lehenengo sortzelana euskaraz taularatuko du urriaren 25ean. Proiektu hau ikasketa prozesua da: identitatea, itzulpena, akatsa, kultura, hitzak, biografia... Hori guztia euskaldunberrien kontakizunetik eta hizkuntzaren azterketatik abiatuta. 

Urriaren 27an, Metrokoadroka kolektiboaren Zeozertan dabil baina ez dakit zertan antzezlana izango da, sitcom-aren eta poesia bisualaren artean kokatzen den lana. Hiru lagun beren ekintzen bidez azaleratuko dira eta euren irri faltsuen atzean zer ezkutatzen den jakingo dute ikus-enzuleek. Galdera, kontraesan eta umorezko une ugari izango dira obran. 

Azaroaren 8an, Itziar Manerok Memoria aurkeztuko du. Memoriari eta haren galerari buruzko antzezlana da; amona baten memoria erregistratzeko saiakera da, denboraren eta gaixotasunaren aurkako lasterketa batean. Amona eta bilobaren arteko topaketa ere bada. Elkarri galderak egiteko, elkar ezagutzeko, zaintzeko eta agur esateko ahalegina, amonaren oroitzapenak desagertu baino lehen. 

Mairu Antzerki Taldeak Intxaurra taularatuko du azaroaren 15ean. Terexa gaixorik dago, baina bera ez du bere osasun egoerak arduratzen, etxe ondoko intxaurrondoaren osasunak baizik. Izan ere, intxaurrondoak ere gaitza du; onddoren batek kalte egiten dio, eta fruituak kanpoko azal eta guzti erortzen dira lurrera. Terexak ez du sendagaiarekin asmatzen eta larritasunak, gaixotasunarekin batera, Terexa itotzen du. Inguratzen gaituzten baldintzek eta ekosistemak guregan duten eragina azaleratzea da antzezlanaren asmoa.

Azkenik, azaroaren 22an, La Cuerda Teatroren Euli dantza komedia beltza antzezlana izango da. Gaur egungo komunitatearen kontzeptuaz hausnartzen du obrak, batzuetan agendetan hainbeste notaren artean lausotzen dela eta ez dela erraza besteen konpromisorako eta zaintzarako tartea bilatzea. Bizilagunen komunitate batean emakume zahar baten gorpua topatu dute, hil zenetik astebete igaro ondoren. Auzotarretako bat bereziki hunkitua dago, eta auzotarren bilera bat antolatzea erabaki du, beilaldi gisa. Ustekabeko eta nahi gabeko bilera, baina batzuek eta besteek bertan egon beharko dute. 

Bost emanaldiak Nafarroako Antzerki Eskolan egingo dituzte, 19:00etan. Euskara ikasleei zuzendutako emanaldiaren kasuan, ikasleek gonbidapenak jasoko dituzte. Gainerakoetarako sarrerak www.laescueladeteatro.com/eus/ webgunean eta Nafarroako Antzerki Eskolako txarteldegian izango dira salgai, zortzi euroan, emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik.