Bosgarrenez, abian da Banden Lehia!

Interneteko euskal musika talde amateurrik entzutetsuenaren bila dabil Azkue Fundazioa, eta beste urte batez, teknologia berriak eta euskara oinarri dituen lehiaketa jarri du martxan Bilboko Udalaren laguntzarekin. Urriaren 31ra bitarte izango da zabalik izena emateko epea.



Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko asmoz sortu zen Banden Lehia orain bost urte. Orduko hartan Bizkaiko Foru Aldundia izan zen egitasmoaren bultzatzaile nagusia, eta Azkue Fundazioaren laguntzaz teknologia berriak zerabiltzan lehiaketa antolatu zuen, Euskal Herriko musika talde ezezagunei aukerak emateko asmoz. Sare sozialen erabiltzaileen boto bidezko aukeraketari eta Bilborockeko final handiari esker, eta nola ez, garaileentzako sari potoloen eraginez, ospe handia lortu du lehiaketak, eta urtero 45 talde inguruk hartzen dute parte.

Aurten lehen aldiz Azkue Fundazioa izango da kudeatzaile nagusia, eta Bilboko Udalaren laguntzarekin, baita Baga-Biga diskoetxearen eta Last Tour International jaialdi antolatzaileen babespean ere, ariko da lanean. Helburu nagusia musikaren bidez euskara sustatzea da, eta horretarako Sarea izango da erreminta nagusia.

Lehen fasea
Taldeek urriaren 31ra bitarteko epea dute lehiaketan izena emateko. Lehenik eta behin, egitasmo honetatik sortutako Banda Beat plataforman izena eman beharko dute; euskal musikaren sare soziala da, 2010ean jaioa, eta Spotifyen antzera, musika zerrendak osatzeko aukera ematen du. Dagoeneko 220 euskal banda baino gehiagok eman dute izena bertan.

Parte hartzaileek taldeari buruzko informazioa, argazkiak, kantak… igo beharko dituzte bertara, eta sare sozialen bidez zabaldu. Ezinbestekoa izango da mezu eta iruzkin guztiak euskaraz egitea, noski.

Azaroaren 1era bitarteko epea izango dute erabiltzaileek boto bidez finalera pasako diren taldeak aukeratzeko. Iaz, esaterako, 4.661 boto jaso zituen Herri Oihua taldeak, eta The Crazy Wheel Bandek 4.534. Haiek izan ziren finalera pasa ziren taldeetako bi; beste biak musikan jantzitako epaimahaiak aukeratu zituen. Aurten, sailkatutako lau taldeen izenak azaroaren 7an jakinaraziko dituzte.

Bigarren fasea
Finala Bilborocken egingo dute, azaroaren 29an, eta talde finalistek beren onena eman beharko dute, musika bikaina egiteko gai direla erakusteaz gain, taula gainean ere ongi funtzionatzen dutela ikusarazteko. Bertan interpretatuko dituzten kanta guztiek euskarazkoak behar dute izan. Bakoitzari telefono zenbaki bat esleituko diote antolatzaileek, eta ikusleek dei galduak egin beharko dituzte atseginen duten taldearen zenbakira. Boto horiek epaimahaiak emandakoei batu, eta irabazlearen izena jakinaraziko dute jaialdiaren amaieran.

Garaileak 2014ko Bilbao BBKLive jaialdian jotzeko aukera izango du, baita disko bat ekoiztekoa ere. Finalera sailkatutako lau taldeek, bestetik, Bilborockeko zuzeneko kontzertu horrez gain, bertan aritu direnen kantak biltzen dituen diskoa jasoko dute oroigarri gisa.