Booktegiren bosgarren urteurrena ospatuko dute Usurbilen larunbatean
Egun osoko jaialdia izango da eta literatura, musika eta antzerkia izango dira nagusi.
Euskal literatura sarean hedatzen duen Booktegik jaialdia egingo du larunbatean, hilak 22, Usurbilgo Sutegi Kulturgunean, plataforma digitalaren bosgarren urteurrenaren karietara.
Goizeko hamar eta erdietan hasiko da jaialdia, bertako Noaua elkarteak eta liburutegiak gidatutako poesia-itzulerarekin. Ordubete geroago, Maialen Akizu, Oihana Arana Cardenal, Ibon Larrazabal, eta Amaia Arakistain idazleekin solasaldia izango da.
Arratsaldeko lauretan, Anari taldeak eta gonbidatuek Habia emanaldia eskainiko dute. Bostetan, beste solasaldi bat egingo dute, Mikel Soto, Maite Darceles, Danele Sarriugarte, eta Bakartxo Iguaranekin. Iraia Eliasek eta Hatxek Azken aurreko manifestua emanaldia eskainiko dute seietan, eta jarraian, Asel Luzarraga, Irati Majuelo, Aitziber Etxeberria Garro, eta Ana Galarragaren solasaldia izango da. Azkenik, Uxue Alberdik eta Amorantek sortutako Meza Nagusia ikuskizunaz gozatu ahal izango da.
Itxaro Borda izango da jaialdiko anfitrioia, Xabi Strubellek jarriko dio musika egunari, eta aipatutakoaz gain Habiak erakusketa ere izango da ikusgai.
