Booktegik bosgarren urteurrena ospatzeko jaialdia egingo du Usurbilen

Urriaren 22an izango da jaialdia eta solasaldiak, musika, eta literatura izango dira nagusi.

Bost urte bete ditu euskal literatura sarean hedatzen duen Booktegi guneak eta Usurbileko Sutegi Kultur Etxean ospatuko dute urriaren 22an. Kontzertuak, hitzaldiak eta solasaldiak izango dira, besteak beste, egun horretan.

Goizeko 10:00etan hasiko dute jaialdia, herriko Noaua elkarteak eta Usurbilgo liburutegiak gidatutako poesia-itzulerarekin. Ondoren, solasaldia egingo dute Itziar Ugarte, Oihana Arana, Ibon Larrazabal eta Amaia Arakistainekin. Eguerdiko hamabi eta erdietan, Udarregi ikastolako ikasleek ipuinak eta antzerkia eskainiko dituzte. Arratsaldeko lauretan, berriz, Anarik Habiak diskoko kantuak joko ditu, gonbidatuekin. Ordubete geroago, bigarren solasaldia izango da eta bertan Edorta Jimenezek, Maite Darcelesek, Danele Sarriugartek, eta Bakartxo Iguaranek parte hartuko dute. Jarraian, Iraia Eliasek eta Hatxek Harkaitz Canoren Azken aurreko manifestua interpretatuko dute. Eguneko hirugarren solasaldian arituko dira Asel Luzarraga, Irati Majuelo, Aitziber Etxeberria eta Ana Galarraga. Uxue Alberdik eta Amorantek itxiko dute jaialdia, Booktegiren urteurrena ospatzeko idatzi eta konposatutako Meza Nagusiarekin.

Itxaro Borda izango da jaialdiko anfitrioia eta Xabi Strubellek jantziko du eguna musikaz. Gainera, Habiak erakusketa ere egongo da ikusgai. Jaialdirako sarrerak laster izango dira eskuragarri.