Booktegi jaialdia egingo dute urrian
Usurbilen izango da eta hitzaldiak eta emanaldi bereziak izango dira.
Booktegi guneak jakinarazi duenez, urriaren 28an egingo dute Booktegi jaialdia, Usurbilen. "Eguna agendan gordetzeko" gonbita egin dute. Honako hauek parte hartuko dute jaialdian, besteak beste: Nere Ibarzabal, Eneko Bidegain, Arrate Egaña, Ugaitz Agirre, Miren Gorrotxategi, Maialen Akizu, Harkaitz Cano, Maite Larburu, Petti, eta Nagore Legarreta.
Goizeko jarduerak Zumardi Musika Eskolan egingo dituzte. Goizeko hamarretan, Elkarri Irakurriz solasaldia izango da, energiaren inguruan, Maialen Akizuk gidatuta. Nerea Ibarzabal, Eneko Bidegain eta Arrate Egañak hartuko dute parte. Ondoren, 11:00etan, poesia irakurraldia izango da. Eguerdiko hamabietan, berriz, Elkarriz Irakurriz solasaldiaren baitan, zaintzaz arituko dira Ugaitz Agirre, Miren Gorrotxategi, eta Maitane Perez.
Arratsaldean Sutegi Kultur Etxean elkartuko dira. Maite Larburuk, Harkaitz Canok eta Beñat Barandiaranek 20NETOAK emanaldia eskainiko dute bostetan. Ordubete geroago, Ipuinaldia izango da eta Pettiren Manipulazio estrategiak argazki erakusketa ere izango da ikusgai.