'Book scout'-ak: telesail edo film bihurtzeko istorioen bila aritzen direnak

Zinemetan edo plataformetan ikusiko dituzun hurrengo ikus-entzunezkoak sortzeko lehen hazia topatzen dutenak izaten dira.

Ikusi ohi ditugun zenbait telesail eta pelikuletako istorioak jatorrizkoak izan ohi dira, baina ez denak. Beste asko eleberri, narrazio, komiki, edo halakoetatik abiatuta idatzitakoak izaten dira, egokitzapenak alegia. 

Hain zuzen ere, telesail edo pelikula bihurtzeko interesgarriak izan daitezkeen istorioen bila aritzen dira lanean book scout ("liburu miatzaileak") deiturikoak. Ikus-entzunezko proiektu bihurtzeko modukoak izan daitezkeen obrak topatzeaz arduratzen dira, beste inork aurkitu aurretik edota izugarrizko arrakasta bihurtu baino lehen. Kasu askotan, pantailetan ikusten ditugun istorio horien lehen irakurleak izaten dira. Literatur munduarekin eta argitaletxeekin dituzten harremanak direla eta, eleberriak liburu-dendetara iritsi baino askoz lehenago irakur ditzakete, eta baita eskuizkribu direla ere.

Book scout agentziek ekoiztetxeentzat, estudioentzat, telebistentzat edota plataformentzat lan egiten dute. Literatura merkatuan nabarmentzen diren eta ikus-entzunezko bihurtzeko istorio aproposak eta onak izan daitezkeenak identifikatu eta haien bezeroei jakinarazten diete, eskubideak erosteko aukera izan dezaten. 

Adi ibili behar dute etorkizunean merkatuan izan daitezkeen joerak antzemateko eta garaian garaiko ikus-entzuleei interesa dakizkieken gauzei heltzeko, beste inork baino lehen. Pantailan funtzionatu dezakeen, pertsonaiak onak edota gogoangarriak al diren, gatazkarik baden, narrazio aberatsa duen, telesail edo film bihurtzeko modukoa den, inork eskubideak ordainduko al lituzkeen eta bere bezeroen beharretara egokitzen den izan behar dute kontuan. Askotan ezaguna edo etxekoa izan daitekeen baina, aldi berean, berritasunen bat duen istorioa izan daiteke amurik onena. 

Antza denez, XX. mende erdialdera sortu ziren book scout-ak, batez ere Estatu Batuetan. Izan ere, Hollywooden ekoizpena handitzen ari zen eta gero eta beharrezkoagoa zen arraskata zuten eleberrien egokitzapenak egitea. Hori dela eta, istorio horiek ahalik eta azkarren eskuratzea zen lehentasuna.

Gaur egun ere streaming plataformak tarteko, eduki-kopurua oso handia da eta hainbat plataforma elkarrekin lehian ari dira. Arrakasta izango duten telesail eta pelikulak sortu nahi dituzte, eta, ondorioz, horretarako bidea emango dieten istorioen peskizan dabiltza. Book scout-ek badute, beraz, zer egin.