Bob Marley eta altxorraren kutxa

Txalaparta argitaletxeak Bob Marley kantari reggaeari buruzko biografia kaleratu berri du. Liburuaren egilea Aritz Usandizaga GAZTETXULOko kolaboratzailea da (marrazkiak Mikel Barreirok egin ditu). Berak erantzun dio galderari: nor izan zen benetan Bob Marley?


Jamaika altxorraren uhartea da. Odolez tintatutako Karibe itsasoaren erdian dago eta ezkutatzeko ezin aproposagoak diren ibai eta basoen lurra da Xaymaka. Historiak dio espainiarrek aurkitu eta kristautu-zibilizatu zutela. Zuhaitzen sustraiek, berriz, espainiar lapurrek bortxatu eta ustiatu zutela diote, bertakoak akabatu eta azal ilunekoak indarrez esklabu eraman zituztela. Azal iluneko batzuek borrokatu eta askatasuna lortu zuten eta ibai eta baso artean ezkutatu ziren. Espainiarren kontra hasieran, eta espainiarren azal eta pentsaera bera zuten ingelesen aurka ondoren. Gogor aritu ziren, baina ezin. Jamaikarrek independentzia lortu zuten 1962an, baina azal ilunekoak esklabuak dira oraindik, azal zurikoek inposaturiko historiaren eta bizimoduaren esklabu, azal zuriaren diruaren esklabu, pentsaeraz esklabu. Azal zurikoak ere esklabuak dira.

Askatasun bidean

Bob Marleyren aita ere azal zurikoa zen, eta militarra, gainera. Bob Marleyren aita esklabua zen. Bob Marleyren ama esklabuen alaba zen, azal ilunekoa. Bob Marley ez zen Bob Marley. Bob Marley afrikarra zen. Bob Marley ghettoetako haurra zen, miserian hazi eta lagunen aberastasunean hezitakoa. Bob Marley Marcus Garvey zen eta Haile Selassie eta wailerra. Justiziaren alde garraxi egiten duena da wailerra. Bob Marley esklabua zen, kateak moztu eta aske izatea amesten zuen esklabua.

Musika izan zen bere arma, askatasunerako bidean borroka lagun. Konposatutako eta abestutako kantuek askeago izaten lagundu zioten eta bera bezala esklabu zen jende askori askeago izaten lagundu zioten. Bob Marley esklabu hil zen, baina askatasunerako bidean pauso handiak eman zituen. Inguruan zituen lagunekin batera osatutako musikak, jende askori askatasunerako bidean pauso handiak ematen lagundu zion.

Jamaikan Bob Marley jainkotzat dute eta asko maite dute. Jamaikan musika omen da irlako altxor preziatuena eta altxor bezala zaintzen dute. Musika altxorra bada, jamaikarrak altxor hori gordetzeko kutxa dira. Eta hori horrela izanda, zergatik bilatzen dute denek altxorraren kutxa?