'Bluetoothing', drogatzeko bestearen odola injektatzearen joera arriskutsua

Fijin izandako GIB kasuen gorakadarekin lotuta dagoela uste dute, Munduko Osasun Erakundeak hori baieztatzeko froga nahikorik ez dagoela adierazi duen arren.

Bluetoothing izeneko joerak droga kontsumitzaileen artean orratzak partekatzea du oinarri. Droga kontsumitu duen norbaiti odola atera eta beste pertsona bati injektatzea da prozedura. Kontsumitzaileek dirua aurreztea dute helburu, zain barneko drogaren efektua baliatuz. 

Joera hau Lesoto, Zimbabwe eta Hego Afrikan ematen da, esaterako, eta Fijin ere ba omen dira kasuak. BBC azaldu duenez, Fiji artxipelago larrialdi nazionalean dago, GIBa azkar hazten ari baita bertan. GIBa eta HIESAren prebentzioan aurrerapenak eman diren arren, oraindik ere zabalkunderako arriskua izaten da zenbait tokitan.

BBCek emandako datuen arabera, Fijiko 60 heldutik batek du GIB birusa, eta duela bost urte 167tik batek zuen. ONUSIDA erakundearen arabera, mundu mailan 41 milioi pertsonak dute birusa. 

GIBa odolaren bidez transmititzen da, eta beraz, drogekin kutsatutako odola edo orratzak partekatzen dituztenek birusa transmititzeko edo harekin kutsatzeko arriskua dute. Munduko Osasun Erakundeak ohartarazten du droga odolaren bidez partekatzeko joera horrek B eta C hepatitisak edota bakteria infekzio larriak, besteak beste, transmititzeko arriskua asko handitzen duela. 

Fijin orratzak elkarrekin partekatzeko ohitura hartu dute, eta droga kontsumitzaileek ez dituzte esterilizatutako orratzak eskura izaten. Pobreziak joera berri hau hauspotu duela uste dute.

Fijiko Osasun Ministerioaren ustez, praktika hori da GIB kasuen gorakadaren arrazoietako bat. Urtarrilean xiringak eta orratzak trukatzeko programa bat jarriko zutela martxan iragarri zuten.

Hala ere, bada zalantza joera hori benetan zenbateraino zabaldu ote den, eta GIBaren krisiaren zerikusi zuzena ote duen benetan. Munduko Osasun Erakundearen arabera, abenduan ebaluazio azkar bat egin zuten eta bluetoothing-a orokortu zen zantzu handirik ez zegoela nabarmendu zuten. Drogak kontsumitu zituzten 56 pertsona elkarrizketatu zituzten, eta haietako bik bakarrik adierazi zuten bluetoothing-a egin zutela. Gainera, haietatik lauk ikusi omen zuten halakorik.