'Black Lives Matter' Vs Plataforma digitalak

George Floyd-en hilketa tragikoak protesta ugari piztu ditu poliziaren bortizkeriaren aurka eta komunitate afroamerikarraren alde. Horrek bultzada ikaragarria eman dio 'Black Lives Matter' mugimenduari eta onerako zein txarrerako plataforma digitalak horren isla izan dira azken asteotan.

Netflixek ez du alde batera utzi nahi izan eta plataforman kategoria propioa eskaini dio. Beste ertz batean ordea, mugimendu horrek sortu duen tsunamiaren eraginez, estreinatu berri den HBOMax plataforman 'Gone With the Wind' film klasikoa denboraldi baterako kendu dute, arrazistatzat jotzen duten protestengatik. Lehenaren erabakia beharrezkoa iruditzen zait, apur bat oportunista izan arren, bigarrenaren kasua aldiz okerrekoa oso.

Fikzioak testuinguru jakin batean sortzen dira eta kontatzen dituzten istorioen errealitateak islatzen dituzte. Filma ezabatzeak gure analisi-gaitasuna eta etorkizun hobea eraikitzeko aldaketak eragiteko aukera ezabatzen dituela uste dut. 'Gone With the Wind' filmean arrazakeria zantzuak antzeman daitezke? Bai, noski. Baina ez al da hobe film edota telesail horiek ikusi, erakusten duten errealitate trakets hori erakutsi eta zentsuratzea baino, heztea?

Bai, neurri batean zentsura ekintza bat iruditzen zait, eta ekoizpen horiek berrikusteko parada baztertzeak, pentsamendu kritikoaren aukera deuseztatzen dutela. Filmak ikusi egin behar ditugu eta gure artean eztabaidatu, estereotipo arrazistak, matxistak, klasistak edo dana dalakoak desegiteko. Errealitate arrazistak islatzen dituzten filmak dauden bezala, badaudelako film matxistak edota LGTBI+fobikoak adibidez. Gaur egungo "azterketa" jasango ez luketen maisulan asko daude zinemaren historian, denbora jakin baten sortuak izan zirelako eta testuinguru jakin batean.

Garrantzitsuena gaur egun arrazismoaren gaitz horretatik libratzea da, guztiz suntsitzea, lurperatzea. Errealitatean heziz eta ez orain dela 70 urteko film bat ezabatuz.