'Black Friday'-ren aurrean, 'Green Friday'

Bestelako kontsumo ereduak elikatzea guztion onerako delako!

Dakizuenez, gaur ostiral berezia da kontsumoari dagokionez; AEBetatik etorritako Black Friday deskontu itzelen egun handia da. Estimatzen denez, Gipuzkoan bakarrik 200.000 pakete banatuko dira egun bakarrean, eta Euskadiko biztanle bakoitzak bataz-beste 250 euro gastatuko ditu gaur. Baina ostiral hau beltza da hainbatentzat, eta ez deskontuengatik; saltoki txikiek ezin diete kapitalismoaren atzapar erraldoiei ihes egin, eta egun bakar honetan sortuko diren milaka tona hondakinek oraindik eta gehiago kaltetuko dute ingurugiroa. Oraindik ziur zaude beraz gaur erosiko dituzun mauka horiek benetan merezi ote duten?

Badira egun honi planto egiteko bildu direnak, eta horrela, Green Friday kontzeptua aldarrikatu dute. Baina, zer da Green Friday? Hauek dira egun beltz honi kolore pixkat jartzeko proposatzen dituzten neurriak:

- KONTSUMO ARDURATSUA: Hain zuzen, Black Friday-ek lortzen duena hauxe da; benetan behar ez ditugun gauzak konpultsiboki erostea. Adibidez, oso merke ikusi dugun beroki bat erostea, etxean beste hiru ditugun arren. Eta horrela, milaka produkturekin. Horren aurrean, ez ote da hobeto benetan beharra dugunean erostea?

- INGURUKO SALTOKIAK BABESTEA: Gure auzoetako dendek ezin dute Amazonen deskontu ikaragarriekin lehiatu, baina beharbada gure beharrak hobeto ase ditzakete; ezagutzen dituzu inguruan dauden produkutak?

- INGURUGIROA BABESTU: Hong-Kongetik ekarriko dizuten mugikor berrian %50eko deskontua lortu duzu, aupa zu! Baina badakizu zenbat kutsatuko duzun paketetxo hori munduko beste puntatik zure etxeko portaleraino garraiatzeagatik? 

- MERKEALDIAK vs. KALITATEA: Egun honetan deskontu handiak topatu daitezke, baina kontuz, disdiratzen duen oro ez baita urrezkoa; askotan deskontu horiek ez dira errealak izaten, eta gehienetan stock-ean dauden produktuak ateratzen dituzte, asko defektuekin. 

Azken finean, garrantzitsuena hauxe da; buruarekin erostea, behar duguna bakarrik eskuratzea eta ez liluratzea zenbaki magikoekin.