Bizum-a ligatzeko erabiltzea: euro bat eta zita eskaera

Ordainketarako ez ezik, bestelako erabilerak ere topatu dizkiote gazteek zerbitzuari.

Lagunekin afaltzera joan zara, zuetako batek ordaindu du otordua, eta ondoren Bizum bidez bakoitzak bere zatiari dagokion diru-kopurua bidali diozue. Edota zenbait lagunen artean opari bat erosi diozue norbaiti, eta ondoren bakoitzak bere zorrak kitatu ditu Bizum ordainketen bidez.
 
Bizum zerbitzua modu errazean, bankuko aplikaziotik lagunaren telefonoa erabiliz, berehala ordaintzeko erabili ohi dugu, bestearen kontu korronte zenbakia zein den galdetu eta transferentziak egiten ibili beharrik gabe. 
 
Aspalditxoan bestelako erabilerak ere baditu ordea, ligatzeko tresna ere bihurtu baitu zenbaitek. Ordainketa sinboliko bat egin, 50 zentimo edota euro bat, eta ordainketa zerena den azaltzeko eremuan jartzen dute mezua. Hau da, kontzeptu gisa "afaria" edo "Juneren oparia" jarri beharrean, bestelako mezu edo gonbidapen bat bidaltzeko aprobetxatzen dute, bide tradizionalak baino deigarriagoa, originalagoa edo erakargarriagoa izan daitekeelakoan. Besteari irribarre bat aterako dion esperantza eta bidea ireki eta baiezkoa jasotzeko 
 
Zer nolako esaldiak? Bada, esaterako, "afaltzera gonbidatuko zaitut", "hurrengo kafea nire kontu", "euro bat zure irribarrearen truke", "galdutako apustuagatik baina hurrena zuk ordainduko duzu!", "atzo ordaindutako edariaren zorra kitatzeko eta berriro elkar ikusteko" edo bakoitzaren sormenaren araberako mezuak izaten dira. 
 
Jolaserako modu polita izan daiteke, baina honen arriskuaz ere ohartarazi dute askok. Izan ere, kontuan izan behar da akaso aurrez ezaguna den norbaitekin egitea aproposa izan daitekeela, baina ezagun baten bidez pertsona horren telefono zenbakia lortu eta hori egitea bestearen espazioa urratu eta muga gainditzea ere izan daiteke. Deserosoa eta desegokia den jokabidea alegia. 
 
Gainera, batzuetan beste bide bat erabili ezinaren ondorio izaten da Bizumarena. Whatsappean, mugikorreko deietan edo beste sare sozialetan kontaktu hori blokeatuta dagoenean, batzuek modu hau erabiltzen dute berriz ere harremanetan jarri ahal izateko. Jazarpen modu bat ere izan daiteke beraz.