Bizkaiko Emakume Sortzaileen bigarren topaketa egingo da larunbatean Bilbon

Mahai-inguruak, orotariko ikuskizunak eta erakusketa izango dira besteak beste.

Bizkaiko Emakume Sortzaileen Topaketa (BEST) egingo dute, bigarrenez,  kulturaren sektorean genero berdintasuna sustatu eta lurraldeko emakume artista eta sortzaileen talentua eta sormena agerian jartzeko asmoz. Topaketa larunbatean, urriaren 21ean, izango da, Bilboko Euskalduna Jauregiko 0D aretoan.

Aurten, argazkigintzak leku berezia izango du eta Eulalia Abaitua argazkilari bizkaitarra omenduko dute. Hala, Abaitua eta bere lanak egunean zehar antolatuko diren jardueretan txertatuko dira. Bigarren edizioko irudia Arrate Etxebarria Hernandez diseinatzaile basauriarrak sortu du.

Egitaraua goizean hasiko da eta 'hitza' izango dute hizpide. Goizeko hamarretan  June Fernandez kazetariak gidatutako mahai-ingurua izango da eta bertan parte hartuko dute Eire Larrea dantzariak, Kristina Mardaras bertsolari eta irakasleak, Eider Iturriaga argazkilariak eta Agurtzane Intxaurraga zine eta antzerki zuzendariak. Sortzaileen beharrei buruz eztabaidatuko dute. Ondoren, 12:15ean, Irantzu Varela kazetaria, Uka la Dotline tatuatzailea, Olatz Gorrotxategi antzerkigilea eta Izaro Ieregi artista plastikoa arituko dira solasean mahai-inguruan, Fernandezek berak moderatuta. Mahai-inguruek aldi bereko interpretazio zerbitzua izango dute. Bi eztabaiden ondotik, dinamika parte-hartzailea egingo da Artaziak Koop-ekin batera, ideiak partekatu eta sakontzeko. 

Arratsaldean, dantza, antzerki eta musika ikuskizunak izango dira: Iholdi eta Ibabe Beristainek antzezlana egingo dute 17:30ean; 18:00etan, Lorelei Greenek bere musika interpretatuko du; 18:30ean, Adriana Bilbaok dantza ikuskizuna eskainiko du, eta 19:00etan Bogako eta Txika de la Cervezako emakumeek egindako artisau garagardoa dastatzeko aukera egongo da. Jarraian, 19:30ean, Ane Lindane, Raquel Torres, Maria Blanco, Mirari Martiarena, Oihana Bartra, Jone Larrinaga, Maite Sarasola eta Nerea Ibarzabalek Bertsopotorre izeneko jarduera egingo dute, eta bertsoak, bakarrizketak eta bat-batekotasuna nahastuko dituzte.

Gainera, egun osoan zehar Eider Iturriaga, Sil Skynet eta Mara McMillerren argazki erakusketa izango da zabalik. Bestalde, BESTek Bizkaia Irratiarekin lan egingo du hilean behin podcast bat sortzeko, eta bertan askotariko arte diziplinetako emakume sortzaile bizkaitarren lana nabarmenduko da.

Parte hartzeko beharrezkoa da www.best.eus webgunean izena ematea. Egun osoan zehar adingabeak zaintzeko zerbitzua izango dela jakinarazi dute antolatzaileek. Streaming bidez ere jarraitu ahal izango da topaketa webgunean.