Bizkaidatz Literatura Sarian parte hartzeko deialdia egin dute
Euskaraz parte hartzen dutenek Gotzone Butron idazlearen `'Nire Sarajevo'´ istorioari jarraipena eman beharko diote, eta irailaren 9ra arte aurkez daitezke idazlanak.
Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaidatz literatura-sariaren hamalaugarren edizioa antolatu du, herritarren artean literatura-sorkuntza bultzatu eta sustatu nahian. Lehiaketa honetara aurkezten direnek jarraipena eman beharko diote idazle batek proposatutako istorio bati, hark ezarritako hasiera, pertsonaiak eta egoerak kontuan hartuz. Euskaraz Gotzone Butronen Nire Sarajevo narrazioa izango dute abiapuntu, eta gaztelaniaz Mikel Alviraren Los imperfectos.
Parte-hartzaileek hamasei urtetik gorakoak izan behar dute, eta Bizkaian jaioak edo erroldatuak. Idazlanek 12 orrialde izan behar dituzte gutxienez eta 15 gehienez, eta originalak eta argitaratu gabeak izan behar dute. Nahi beste lan aurkez daitezke, eta euskarazko eta gaztelaniazko modalitateetan aldi berean har daiteke parte, dagokion hizkuntzari jarraiki beti ere.
Idazlanak irailaren 9ko eguerdiko 13:30ak arte aurkeztu ahal izango dira, Laguntza herritarren erregistro eta arretarako bulegoan bertan edo postaz bidalita (Diputazio kalea 7, 48008, Bilbo). Bizkaiko Foru Aldundiaren Egoitza Elektronikoaren bidez ere egin daiteke: https://www.ebizkaia.eus/eu/hasiera.
Bi modalitateetan lehen sariak 2.000 euro eta egiaztapen-diploma jasoko ditu, bigarrenak 750 euro eta diploma, eta hirugarrenak 250 euro eta egiaztagiria. Horretaz gain, saritutako kontakizunak edizio berezi batean argitaratuko dira.
Ia 600 idazlan
BizkaIdatz literatura-lehiaketa 2008. urtean sortu zen, bizkaitarren literaturaren arloko talentua eta sormena sustatu eta zabaltzeko. Aurreko edizioetan 578 idazlan aurkeztu dira guztira, eta, besteak beste, honako idazle hauen idazlanei eman behar izan diete jarraipena parte-hartzaileek: Miren Agur Meabe, Unai Elorriaga, Irati Jimenez, Katixa Agirre, Goizalde Landabaso, Yurre Ugarte, Ana Urkiza, Jasone Osoro, Karmele Jaio, Bernardo Atxaga, Sonia Gonzalez, Idoia Barrondo, eta Alaine Agirre.
