Bizitzeko hamar hiririk onenak eta okerrenak

Munduan mota askotako tokiak daude eta hiri batean ala bestean bizitzeak eragina du norberaren bizimoduan. Guztiok dakigun bezala, ez da gauza bera berdegunez inguratutako eta baliabidez hornitutako hiri txiki batean bizi, ala jendez jositako eta kutsadura handiko hiri handi batean. Zaila da bizitzeko hiririk onena eta okerrena zein den zehaztea, faktore asko baitaude kontuan hartzeko; are gehiago mundu mailakoen artean baloratu behar izanez gero. Batzuentzat San Frantzisko edo Sidney izango dira hiririk onenak, eta beste batzuentzat Los Angeles edo Rio de Janeiro.

The Economist egunkariak munduan bizitzeko hiri onenen eta okerrenen sailkapena egin du hainbat aldagai kontuan hartuta: oinarrizko zerbitzuen kalitatea eta eskuragarritasuna, irisgarritasuna, kutsadura maila, oinarrizko produktuen prezioa, klima, koronabirusaren krisiari emandako erantzuna eta abar. 

Aipatzekoa da ez dagoela Europar Batasuneko hiririk lehen hamar hiri onenen artean. Austriako Viena da zerrendan agertzen den lehena, hamabigarren postuan; hainbat urtetan lehen postuan egon izan da. Rankingaren egileek adierazi dutenez, "pandemia aurretik atseginagoa zen hirietako bizimodua. Bereziki Europan izan du eragina osasun larrialdiak". Sailkapeneko hamar hiri onenetatik zortzi europarrak izaten ziren aurrez, eta orain zazpigarren eta zortzigarren postuetan bakarrik ageri dira kontinente zaharreko hiriak, Suitzako Zürich eta Geneva hurrenez hurren. Egun, hiri gehienak Ozeania edo Asiakoak dira. 

Hauek dira bizitzeko hamar hiririk onenak The Economist egunkariak egindako sailkapenaren arabera: Auckland (Zeelanda Berria), Osaka (Japonia), Adelaida (Australia), Wellington (Zeelanda Berria), Tokio (Japonia), Perth (Australia), Zürich (Suitza), Geneva (Suitza), Melbourne (Australia) eta Brisbane (Australia). Beraz, lau hiri australiar, bi zeelandaberritar, bi japoniar eta bi suitzar. Ziur asko ez lirateke hauek pandemia aurretik buruan izango genituzkeenak, baina egoera aldatu egin da eta, antza denez, hauek dira egun hobekien prestatuta dauden eta bizi-kalitaterik onena duten hiriak.

Bizitzeko hamar hiririk okerrenen artean Afrika eta Ekialde Ertainekoak daude: Damasko (Siria), Lagos (Nigeria), Port Moresby (Papua Ginea Berria), Dhaka (Bangladesh), Aljer (Aljeria), Tripoli (Libia), Karatxi (Pakistan), Harare (Zimbabwe), Douala (Kamerun) eta Caracas (Venezuela). Sailkapenaren egileek adierazi dutenez, faktore nagusiak gatazka armatuak, hiritarren segurtasun eza, erregimen totalitarioak eta muturreko pobrezia izan dira.