Bizitza eta itxaropena gazteen idazgai Azkue Literatura sarietan

353 partaide izan dira aurtengo lehiaketan eta "lan sakonak eta ausartak" aurkeztu dituzte epaileen iritziz.

Euskaltzaindiak eta BBK-k 1991.urtetik antolatzen dute Azkue Literatur saria gazteak literatura mundura erakartzeko asmoz. Narrazio eta poesia generoetako lanak izaten dira sarituak, eta bi mailatan banatzen dituzte: A maila, 10 eta 13 urte artekoentzat, eta B maila, 14 eta 17 urte bitartekoentzat. 

Aurtengo lehiaketan 353 gaztek hartu dute parte eta epaileek "ezusteko handia" hartu dutela adierazi dute,  parte-hartzaileen artean sumatu duten heldutasuna dela eta. A mailako epaileen hitzetan, "gaiak jorratzeko joera positiboagoa antzeman dugu: eskola-jazarpenak eta antzekoek atzera egin, eta esan daiteke bizitza, itxaropena, etorkizuna... nagusitu direla esku artean erabili ditugun idatzietan". Gazteek "hausnarketa maila handia" erakutsi dutela nabarmendu dute. B mailan ere "bizitza kontatzeko grina" azaleratu dute gazteek epaileen arabera, eta "bizirik daudela oihukatu dute, isil bezain ozen". Lan irabazleak "taupada idatziak" direla aipatu dute. A mailan Miren Billelabeitia, Igone Etxebarria eta Manu Lopez Gaseni aritu dira epaile lanetan, eta B mailan, berriz,  Yolanda Arrieta, Amaia Jauregizar eta Patxi Zubizarreta. 

Sarituei dagokionez, A mailan Maria Illarramendi azpeitiarra izan da lehena narrazioaren alorrean, eta poesian ere beste azpeitiar bat gailendu da, Irati Hierro. B mailan, Iker Niño usurbildarra izan da irabazlea narrazioan eta olerkian Uxue Armental pasaitarra. Irabazle guztien izenak eta euren lanen izenburuak Euskaltzaindiaren webgunean jaso dituzte. 

Resurrección María Azkue saria 1975ean sortu zuen Bilbao Aurrezki Kutxak eleberri, olerki eta saio modalitateetan, eta 1990 arte iraun zuen. Garai hartakoa helduentzako sariketa izan zen eta gaur egun oso ezagunak diren idazle eta ikertzaileek jaso zuten saria. 1991tik aurrera saritutako gazte haiek ere lekua hartu dute euskal kulturan, hala nola, Alaine Agirrek, Arkaitz Estiballesek, Nagore Amondarainek, Irati Goikoetxeak, Maialen Zubeldiak, Nerea Ibarzabalek, Uxue Alberdik edo Urtzi Urrutikoetxeak.