Bizitza estralurtarra topatu ote dute?
CHIME Kanadako irrati-teleskopioak seinale bat detektatu berri du espazioan; nork igorri ote du?
Ez omen gaude bakarrik. Halaxe adierazi berri du The Astronomer's Telescopek; Kanadako CHIME irrati-teleskopioak frekuentzia baxuko seinale bat detektatu du espazioan; halako seinale bat jasotzen den lehen aldia da eta, ikerlarien esanetan, bizitza estralurtarra badela frogatu dezake.
Contact filmaren argumentua kontatzen ari garela dirudi, eta hain zuzen, filmak aurreikusitako egoera oso antzekoa bizi dugu; 580 megahertzeko irrati seinale batek Lurra jotzen du Esne Bideko galaxiako leku ezkutu eta ezezagun batetik. Bi egunez jaso dute seinale hori eta, dirudienez, oso urrutitik dator, galaxiaren beste puntatik. Nork igorri ote du?
Dena den, zientzialariek ohartarazi dute seinalearen jatorria oraindik ez dagoela erabat baieztatua eta gogora ekarri dute Australian 1998an gertatutakoa; bertan ere seinale bat aurkitu zuten, baina ondoren jakin zuten mikrouhin-labe bat zela.