'Birdwatch', informazio faltsua detektatzeko Twitterren tresna berria

Oraingoz AEBetako erabiltzaileekin egingo dute froga; helburua, erabiltzaileei txio maltzur eta faltsuez ohartaraztea da.

Informazio, iritzi eta teoria guztien zopa erraldoia bilakatu da Twitter azken urteetan; zuzen erabilita informazio iturri bikaina izan daiteke, baina baita iritzien polarizazio eta notizi faltsuen itsaso zakarra ere. Txio saltsa guzti horretan egia topatzea ez da beti erraza; hori dela eta, aplikazioak Birdwatch izeneko tresna sortu berri du, informazio gaizto eta faltsua detektatu eta erabiltzaileei abisua igorriko diena. Oraingoz, AEBetako erabiltzaileentzat jarri dute martxan.

Twitterren helburua hauxe da; Birdwatch-en laguntzarekin, txioak ezabatu beharrean erabiltzaileei txio horren inguruko testuingurua eskaini nahi die, bertan idatzitakoa faltsua izan daitekeela abisatuz. Gauzak horrela, txio bat faltsu bezala "markatzen" bada, Birdwatchera igaroko da, eta bertan txio hori faltsua dela esateko arrazoiak bilduko dira, txioa bera aldatu ala ezabatu beharrik gabe. 

Sare sozialak azaldu duenez, tresna berri hau irekia eta gardena izatea espero du, erabiltzaileek jasotzen duten informazioa testuinguruan ipini eta osorik ulertzeko gaitasuna eskainiz. Hala, erabiltzaileek abisua igorri ahalko dute txio bat faltsua dela uste dutenean, eta beren iritzia arrazoitzeko aukera izango dute, errealitatea egiaztatzen duten iturriak txertatzeko aukerarekin.