Bilgune feministak positiboki baloratu du iragan igandean Bilbon egindako mintegia

Hitzorduak 100 bat emakume bildu zituen, eta mugimendu feministak instituzio publikoetan eduki beharreko partehartzea izan zen eztabaidaren ardatza.


Gizartean nagusi den sistema patriarkal eta kapitalista erakundeetan ere islatuta dagoela salatu zuten Bilgune Feministako kideek  igandean Bilbon, eta, hortaz, "ezinbestekotzat" jo zuten emakumeek subjektu politiko gisara jardutea instituzio publiko hauetan.
Erakundeetan parte hartu ala ez, nola parte hartu eta, gainera, azken hau mugimendu feministak kalean darabiltzan borroka ildoekin nola uztartu; horixe eztabaida.
Ehun emakume baino gehiago bildu ziren Bilboko La Bolsa eraikinean; mugimendu feministako kideak, berdintasun teknikariak nahiz zenbait erakunde publikotan lanean aritutakoak. Antolatzaileek adierazi dutenez, ikuspegi aniztasunak izugarri aberastu zuen eztabaida.
Mintegiak luze jo zuen goiz osoan zehar. Lehenik eta behin, kualifikatutako hiru hizlarik aurkeztu zituzten euren planteamenduak. Lourdes Mendezek (antropologian doktorea), Amaia Andreuk (EHUko irakaslea) eta Irantzu Jauregik (Hernaniko berdintasun teknikaria) hartu zuten hitza hurrenez hurren.
Jarraian, Bilgune Feministak berak bere proposamena plazaratu zuen eta, amaitzeko, bertaratutakoak hiru lan taldetan bildu ziren galdera zehatzagoak egin eta erantzunak bilatzeko.
Eztabaida mamitsua dela eta gaian sakontzen jarraitzea behar-beharrezkoa dela argi ikusi zuten arren, Bilboko jardunalditik ondorio nagusi bat ere atera zuten mugimendu feministako kideek: beti ere euren lana erakundeen esparrura mugatu gabe, ezinbestekotzat jo dute instituzioetan eta instituzioengan parte hartzea, bertan garatzen diren berdintasun eta genero politiketan eragitea.