Bildutako datuen arabera, lan egitea txarra da zure osasunarentzat
Dirudienez, astelehenetan lanera joan aurretik barne-barnean eduki ohi duzun susmo hori baieztatu egin da: lan egitea txarra da osasunarentzat.
Litekeena da gure egungo lanbideak fisikoki gure guraso eta aitona-amonen garaiko lanak bezain arriskutsuak ez izatea, ez da berdin gertatzen ordea alor psikologikoan. Mundu modernoko lana eramangarriagoa da gorputzarentzat, baina ez garunarentzat.
Datuen arabera, maila fisikoan, lanean egin litezkeen lesioak murriztu egin dira. Aldiz, antsietate eta depresioek gora egin dute. Hala dio behintzat HSE erakundeak Erresuma Batuan burututako ikerketa batek. HSEren ikerketak Erresuma Batuaren argazkia egiten du. Baina ez da beste herrialdeekin alderatuta oso ezberdina. Espainiar Estatuko lan-baja kopuru esanguratsuaren atzean osasun emozionala dago.
Hori da FREMAPek egindako ikerketa batek baieztatu duena. 380.000 lan-baja aztertu ditu 2015-2021 urteen artean. Ateratako ondorioa? Zazpi urte horietan buru nahasteengatik izandako desgaitasunen intzidentziak gorako joera erakutsi duela adin-tarte guztietan, %17,36ko igoerarekin. Ikerketaren arabera, buru osasunaren arazoa 35 urtetik beherakoen artean pairatzen da gehien.
1992ko gaizki ordaindutako langileek ziurtatzen zuten euren jarduerari buruzko erabakietan ahotsa zutela, hori sentitzen zuen langileen %44ak. Kopuru hori 2017an %27ra jaitsi zen.
Jaitsiera are eta esanguratsuagoa izan zen ostalaritza eta merkataritzako langileen artean. Arazoa kezkagarria da lan tentsio hori denboran askoan luzatzen bada, arazo psikologikoak sortzen ditu eta.
Eta lanean ematen dugun denbora kopuruak ere eragina al du? 2019an Cambridge eta Salford unibertsitateetako ikertzaileek argitaratutako ikerketaren arabera, bai. Euren ondorioen arabera, lan egitea ona da osasunarentzat, beti ere denbora iraupen zehatz baten barruan egiten bada. Zehatza eta mugatua. Buru osasun hobeezinerako dosirik eraginkorrena astea osoan gehienez zortzi ordu lan egitea litzateke! Ikertzaileek behatu zuten, astean gehienez zortzi ordu lan egiten bazen, buruko gaixotasunak pairatzeko arriskua %30 jaisten zela.
