Bilbon kokatutako Euskararen Interpretazio Zentroa berritu dute
Bisita interaktiboan euskararen bilakaera, transmisioa eta aniztasuna erakusten dira, eta baita etorkizunerako dauzkan erronkak ere.
Bizkaiko Foru Aldundiak Euskararen Etxean kokatutako Euskararen Interpretazio Zentroa (EIZ) berritu du. Bertan, eduki interaktiboen bitartez, herritarrei helarazi nahi zaie euskarak ekarpena egiten diola aniztasunari, eta, era berean, euskararen inguruko jakin-mina eta atxikimendua piztu nahi du bisitariengan. Bizkaiko Foru Aldundiak azaldu duenez, "euskararen bizindarra erakusten du, haren izaera inklusiboa azpimarratzen du, eta euskararen iraupena, sustapena eta garapena lotzen ditu munduko aniztasuna babestearekin eta sendotzearekin".
Euskararen Interpretazio Zentroko erakusketa interakzioz, jokoz eta ikus-entzunezkoz osatuta dago, eta euskararen inguruko informazio ugari ematen da. Euskararen ibilbidea azaltzen da, hitzekin eta ahotsekin jolasteko eta hausnartzeko aukera dago, eta euskararen transmisioari eta aniztasunari balioa ematen zaie. Gainera, etorkizuneko erronkez hausnartzeko aukera ematen da.
Euskararen Etxeko bi solairu hartzen ditu interpretazio zentroak, zerogarren solairuan hasita. Han, Kirmen Uriberen Munduari begiratzeko modu bat olerkia ageri da, eta baita euskararen inguruko informazio eta datu aldakorrak ere. Panel grafiko batean euskararen datu soziolinguistikoak bildu dituzte, azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzak eta mapa soziolinguistikoaren datu berrienak. Eremu honetan euskararen egoera soziala eta Euskal Herrian izan duen bilakaera aztertu daitezke. Lehen solairuan, berriz, euskarak batu egiten duela nabarmentzen da.. Edukiak lau hizkuntzatan daude: euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa.
Zentroa doan bisita daiteke, goizez eta arratsaldez, banaka zein taldeka (30 pertsona gehienez). Astelehenetik ostiralera, 10:30etik 19:00ak arte egongo da zabalik. Larunbatetan, aldiz, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Bisita gidatuak ere badira, talde zein norbanakoentzat, astelehen eta asteazkenetan, 16:30ean, eta astearte eta ostegunetan, 12:00etan. Ikastetxeek ere baduta bisitak erreserbatzeko aukera, hamabost egun lehenago eskatuta, Euskararen Etxearen web-orrian. Ikastetxeen bisitak astelehenetik ostiralera izango dira, bi txandatan: goizeko 10:00etan eta eguerdiko 12:00etan.
Ikasleek tailer batean ere parte hartu ahal izango dute. Horretarako, lau unitate didaktiko prestatu dira, bi Lehen Hezkuntzararako eta beste bi DBHrako.
