Bilbon egingo dute Euskal Herriko Beatbox Txapelketa martxoaren 12an
Grafiti tailerra ere izango da txapelketarekin batera. Aurrez beatbox tailerrak egingo dituzte.
Euskal Herriko Beatbox Txapelketaren 5. edizioa Bilbon izango da hilaren 12an, eguerdiko 12:00etan, La Terminal kultur eta sormen industriaren fabrikan, Loraldia jaialdiaren barruan. Beatboxeko talentu berriak eta aurreko edizioetako irabazleak elkartuko dira bertan. Endika Lahainek gidatuko du Bilbronx izeneko saioa.
Lehiaketako epaimahaia honako hau izango da: Colaps, 2021eko munduko txapelduna bakarka eta txapeldunordea binaka; Juls, 2021eko Espainiako txapelduna bakarka eta txapeldunordea binaka; eta Cobli, Espainiako txapelduna bakarka 2019an eta bikoteetan 2018an.
Beatbox txapelketaz gain, grafiti tailerra ere antolatu dute egun horretarako. Horma bat, spray poteak eta norbere irudimena izango dira tailerreko osagai nagusiak. Jowonek gidatuko du sormen-esperientzia hau. "Zazpi urte baino gehiagoko esperientzia duen grafiti artista honek bideratuko du, zure sentimenduak horma-irudi batean isla ditzazun", azaldu dute antolatzaileek.
Sarrerak eskuratu behar dira, doan, jardueran parte hartzeko.
Beatbox tailerrak
Beatbox tailerrak ere izango dira hiri-kultura sustatzeko asmoz. Ahotsarekin jokatzea eta gozatzea izango da helburua, eta ez da esperientziarik izan behar parte hartzeko. Hainbat galdera erantzungo dituzte beatboxaren hastapen-tailerrean: "Zer da beatboxa? Nola dago konektatuta hiphop kulturarekin? Nola egin musika tresnarik gabe, zure ahotsa erabilita?".
Otsailaren 6an, igandean, izango da lehen tailerra Zorrotzaurreko La Terminalen, eta bigarrena kalean izango da, martxoaren 11n, ostirala, Evaristo Churruca kaian, Euskalduna Jauregia eta Deustuko Zubiaren arteko moilan.
Ekintza honetarako ere aldez aurretik lortu behar dira sarrerak.