Bilboko Zinebi jaialdiak 128 film proiektatuko ditu gaurtik aurrera

Zazpi euskal ekoizpen izango dira Sail Ofizialean, tartean Eneko Sagardoy, Itziar Leemans eta David Perez Sañudoren lanak.

ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia  abiatuko da gaur La Dramática Errantek zuzendutako inaugurazio-galarekin. 43 estatutako 128 film proiektatuko dira, horietatik erdiak baino gehiago emakumeek zuzendutakoak.

Sail Ofizialaren barruan, 58 film aurkeztuko dira. Horietatik zazpi euskal ekoizpenak izango dira, jaialdiaren inaugurazio ekitaldiaren amaieran proiektatuko direnak: Agrio (David Pérez Sañudo, 2023); Betiko gaua (Eneko Sagardoy, 2023); In a Nearby Field (Laida Lertxundi eta Ren Ebel, 2023); Memories of an Empty House (Bruno Carnide, 2023); La mujer ilustrada (Isabel Herguera, 2023); Todo lo cubre la sal (Joana Moya, 2023) eta Ximinoa (Itziar Leemans, 2023).

Sail Ofizialeko beste lehiaketa ZIFF – ZINEBI First Film opera prima film luzearena da, eta bertan Espainiako Estatutatik etorritako bederatzi film luze lehiatuko dira. Horien artean dago Tamara García Iglesiasek zuzendutako Zarata euskal ekoizpena.

Bestetik, Frederick Wiseman eta Rita Azevedo Gomes zinemagileek eta Felix Linares kazetari eta zinema kritikariak jasoko dute Ohorezko Mikeldi Saria. 

Urteko film luze dokumental onenetako batzuk ere proiektatuko dituzte Beautiful Docs – Panorama de Documentales del Mundo sailean. Hamar pelikula izango dira guztira. Horien artean, aurreko Berlinaleko Urrezko Hartza irabazi zuen Sur l'Adamant (Nicolas Philibert, 2023) filma, Claire Simonen Notre corps (2023) eta Virginia García del Pinoren La estafa del amor (2023).

Bestalde, Bertoko Begiradak programazioa ere izango da. Aurtengo edizioan hogei film labur eta sei dokumental izango dira sail honetan, eta honako hauen film berriak ikusi ahal izango dira: Marta Etura (Lucía), Lara Eizagirre (Pelikula baten bila), Irati Gorostidi (Contadores), Bertha Gaztelumendi eta Rosa Zufía (Arnasa betean, emakume zinegileak), Gentzane Martinez de Osaba (Aire!), Ainhoa Gutiérrez del Pozo eta Olatz González Abrisketa (Pizti bat agian).

Horretaz gain, musika emanaldiak, performanceak, foro profesionala, Ivan Zulueta euskal zinemagilearen artxiboko materiala, topaketak eta bestelakoak izango dira jaialdian.

Zinebi, etxetik
Aurten, lehen aldiz, jaialdiak EITBren Primeran doako plataforma digitalera zabalduko ditu bere proiekzioak. Plataforma horrek Jaialdiaren aurreko edizioetan proiektatu diren euskal produkzioko filmen sorta bat jarriko du herritar guztien eskura.

Gainera, bilduma berezi bat izango du FILMIN ikus-entzunezko edukien plataforman, non aurreko edizioetan programatu diren dozenaka film izango diren eskuragarri.