OT-ren Bilboko castingean arrakasta izan duen June Moon ezagutzen al duzu?

Hurrengo faserako aukeratu dute eta sare sozialetan arreta handia piztu du bilbotar gazteak.

OTren zaleak sare sozialen bidez ari dira casting-ak jarraitzen eta atzo Bilbokoaren txanda izan zen. Jende askok goraipatu zuen June Moon izeneko artista bilbotarra, eta "oilo-ipurdia" eragin ziela aipatu zuten.

Artista bilbotarrak 18 urte ditu eta lehen aldiz aurkeztu da OTeko castingera. Datorren urtean hizkuntzen inguruko gradu bikoitza egiteko asmoa duela adierazi du. Castingean, besteak beste, Antonio Orozcoren Entre sobras y sobras, me faltas kanta abestu zuen eta baita Kodaline-n All I want ere.

Batzuentzat akaso ezaguna izango da June Moon. Izan ere, irratian zein telebistan entzun izan dugu abestien bertsioak egiten eta Ztanda saioan ere parte hartu zuen. Duela hilabete batzuk Bihotzean izeneko bere lehen abestia plazaratu zuen.

Zale batzuek saioko irabazle ere izendatu dute dagoeneko. Oraingoz, Bartzelonan egingo duten hurrengo fasera igarotzea lortu du eta arretaz jarraitu beharko dugu bere ibilbidea.