Bilboko Irria kulturaldia martxan
Igandera bitarte, musika, antzerkia, tailerrak, jolasak eta beste hainbat ekintza antolatu dituzte Bilboko Konpartsek.
Aurten ere ez da Aste Nagusirik izango Bilbon baina kultura herrikoiari kalean bere lekua emango diote, Bilboko Konpartsek Bilboko Irria egitarau kulturala antolatu baitute igandera bitarte. Jardunaldi horien helburua “Bilbori irria berreskuratzen laguntzea da, Covid-19ren oinazearen eta konfinamuenduetako nekearen ostean". Konpartsen hitzetan, "Bilbo alaitzeko, entretenitzeko eta kultura eskaintzeko bitartekoa izango da". Hala ere, egitaraua murriztu behar izan dute Bilboko Udalak hala aginduta, eta baliteke oraindik ere aldaketak egotea.
Kalejirarekin abiatu zuten atzo egitaraua eta gaurko egunez ere hainbat ekitaldi izango dira. Goizean goizetik hasita, Bilboko Irratien Maratoia izango da eta herri kulturaren aldeko musikariak ere ibiliko dira Zazpi Kaleetan. 11:30ean autoestimua lantzeko ipuinen kontaketa izango da Plaza Barrian eta ordu berean buztin tailerra Gas plazan. Handik ordubetera, azken plaza honetan aquafonia tailerra egingo dute eta 13:30ean, aldiz, BingoTxou! Plaza Barrian. Arratsaldeko 19:00etan herri musikariak aterako dira berriro Zazpi Kaleetan.
Bihar, ostirala, musikariek alaituko dituzte beste behin Alde Zaharreko kaleak. 11.30ean Aquafonia egingo dute Plaza Barrian, Arriaga plazan igel-jokoa eta zientzia tailerra Gas plazan. 13:00etan Kawadeni afroperkusio eta dantza ikuskizuna izango da Plaza Barrian. Toki berean, 17:00etan, Ekai-Txa txalaparta saioa izango da eta Tingladuetan Adur rol jokoa. 19:00etan musikariak izango dira beste behin Zazpi Kaleetan.
Larunbatean ere musikari emango diote tartea 10:00etatik aurrera. 11:00etan herri kulturaren aldeko erraldoien mobilizazioa izango da Zazpi Kaleetan. Olerki saioa egingo dute 11:30ean La Konpartsa de la Muerteren eskutik, Plaza Barrian, eta Bilboko Hiria irrati saioa izango da 12:30etik aurrera Gas Plazan. Arratsaldean, berriz, Impro y punto antzezlana eskainiko dute 17:00etan Plaza Barrian, breakdance tailerra izango da orduerdi geroago Gas plazan eta, azkenik, musikariak aterako dira kalera.
Igandea izango da azken eguna eta musikariekin hasiko dute egun horretako egitaraua. Familientzako puxikaflexia izango da Gas plazan, 11:00etan, eta orduerdi geroago Qué circo de mujer zirko-antzezlana izango da Plaza Barrian. Eguerdian,12:30ean, musuko tailerra egingo dute Gas plazan. Arratsaldeko 17:00etan xakean arituko dira Gas plazan eta porrusalda erromeria egingo dute 18:00etan Plaza Barrian. Eguna amaitzeko, berriz, musikaz beteko dituzte Zazpi Kaleak 19:00etan eta kalejira egingo dute Tingladuetan 21:30ean.
Osasun egoera dela medio edukierak mugatuak direnez zenbait ekintzetan, aldez aurretik eman behar da izena online Bilboko konpartsen webgunean.