Bilboko gazteei zuzendutako 'Konekta ideiak' ekimena jarri dute martxan

Oinarri teknologikoa eta eragin soziala duten gazteen proiektuak bultzatu nahi ditu udalak.

Proiektu berri honen helburua berrikuntzaren kultura sustatzea, eta, gizartearen beharrizanei erantzuten dieten proiektuetan, balioa sortzea eta gizarteari onura itzultzea da, elkarrekin eta lankidetzan ikasteko prozesuekin.

Bilbon bizi diren 16 eta 30 urte bitarteko pertsonek parte har dezakete ekimenean. Proposamenak banaka edo taldeka egin daitezke eta taldeka aurkeztuz gero, taldeko batek gutxienez hirian erroldatuta egon behar du. 

Proiektuek teknologia erabili behar dute, eta eragin soziala izan behar dute Bilboko auzoetakoren batean edo hiri osoan. Proiektua abenduaren 31 baino lehen amaitu beharko da. 

Hautatutako proiektuak garatzeko, La Perrera eraikineko instalazioetan dagoen coworking eremua erabiltzeko aukera izango da. Gainera, hango Makergunean dauden materialak, ekipoak eta tresnak erabili beharko dituzte.

Proposamenak bidaltzeko epea martxoaren 10ean amaituko da eta horretarako Udalaren BilbaoGazte webgunean dagoen inprimakia bete eta ideiakmartxan@bilbao.eus helbidera bidali beharko da. 

 

Epaimahaiaren aurrean aurkeztu beharko dira proiektuak eta epaimahaiak ezarritako irizpideen arabera puntuatuko ditu. Puntuaziorik handienak lortzen dituztenak aukeratuko dituzte, 15.000 euroko aurrekontua kontuan izanda. 

Oinarriak hemen kontsulta daitezke.