Bilboko Gau Zuriak artez beteko du hiria asteburuan

Hogeita zortzi esku-hartze artistiko izango dira eta, haien bidez, Bilboren paisaia aldatu egingo da.

"Bizkaiko hiriburuko plazak, kaleak eta espazio esanguratsuak berriro apaintzeko" bidea emango du Bilboko Gau Zuriak bihar eta etzi, esku-hartze artistikoen bidez. Eskulturak, instalazio digital eta interaktiboak, usaintzeko paisaiak, abesbatzen emanaldiak eta formatu handiko joko tradizionalak egingo dira hiriko hogeita sei lekutan. Bi ikuskizun ibiltari ere izango dira, hiriko bazterrak soinuz eta mugimenduz betetzeko. Instalazioak 19:30etik 00:30era bisitatu ahal izango dira. 

Esku-hartze artistiko horietako bat izango da Miguel Chevalierrek diseinatutako Bóvedas Celestes instalazio digital sortzailea, Enkarnazio elizaren gangen gainean proiektatuko dena. Alegiazko zeruko mapak marraztuko dira denbora errealean, eta publikoak hainbat koloretako argizko sareak ikusiko ditu. Sare horiek eratu eta desegin egingo dira publikoa lekuz aldatzerakoan. 

Areatzako pasealekuan, berriz, aterpean, hiriaren bilakaera demografikoa ikusi ahal izango da, sortu zenetik gaur egun arte, animazio bidez. Bilboko Tomo Estudio kolektiboaren BI//722-345 lana izango da. 

Bestetik, Arriaga plazak hainbat tamainatako 69 eguzki-lore hartuko ditu, eta Abandoibarrako lorategian marigorringo mordoxka bat izango dira. 

Casilda Iturrizar parkean hainbat instalazio izango dira, tartean zortzi metroko lanpara handi bat jarriko dute, parkea argituko duena. Arte Ederren Museoaren sarreran, berriz, Blossom izeneko instalazioa ipiniko dute, 120 lore baino gehiago, zuhaitzen adarretatk ernatuak. Egunez petalo zuri delikatuak ikusiko dituzte bertaratzen direnek, eta gauez loreak kolore degradatuekin argituko dira.

Proposamen ibiltariak ere izango dira. Batetik, Kolorezko Jendea; koloretako izakiek hirian zehar paseatuko dute eta pertsona bakoitzeko kolore bat agertuko da, bizitza ezberdin eta distiratsu baten irudiko. Bestetik, Trance entre Calles dantza urbanoko ikuskizuna izango da.

Erakusketak eta instalazioak
Bilboko Arte Ederrem Museoak ere parte hartuko du ekimenean, eta gaueko hamarretatik hamabietara zabalduko ditu ateak. Erakusketa hauek ikusi ahalko dira: Ibarrola. Guernica; Ibilbideak, bilduma; Arrue anaiak Parisen; Maider Lopezen Arnasa, 2020; Agerikoaren eta ikusezinaren artean. Azterketa, kontserbazioa eta zaharberritzea museoan. Iberdrola Museoa programa; eta Milton Glaser. Kartelak.  

Azkuna Zentroak ere izango du lekua egitasmoan. Cabello/Carceller-en Ahots bat Erausorentzat. Trans garai baterako epilogoa eta Isidoro Valcarcel Medinaren Arkitektura Goiztiarrak erakusketak, eta Antonio Fernandezen Memoria de forma eta Grimanesa Amoros-en Scientia instalazioak daude ikusgai.