Bilboko erraldoien erakusketa irekiko dute gaur Mariaren Bihotza plazako aztarnategian

Irailaren 8ra arte egongo da zabalik eta tailerrak ere egingo dituzte.

Bilboko erraldoiak jaietako kalejiretan ikusi ohi dituzte, baina orain ere gertutik ikusteko aukera izango dute bilbotarrek, Mariaren Bihotza plazako aztarnategian jarritako erakusketa tarteko. 

1980ko belanauldiko 10 erraldoi eta 1988ko belanauldiko 5 bikote bildu dituzte bertan. Tartean dira 1980ko Don Terencio eta Zumalakarregi, eta baita 1988ko belanauldiko Olagizona eta Zigarrogina, Marinela eta Zamaketaria, eta Ingelesa eta Bilbotarra. Gainera, uztailean, Pitxitxi eta Lina ere egongo dira.

Irailaren 8ra arte izango da zabalik erakusketa, asteartetik igandera, 10:00etatik 14:00etara. Uztailaren 25ean eta 31n, eta abuztuaren 15ean itxita egongo da, jaiegunak direlako.

Erakusketarako sarrerak San Franzisko kaleko 14an, edo Aztarnategian (Mirasol kondea, 2) erosi ahal izango dira. Erakusketaren sarrerarekin museora sartu ahal izango da, eta alderantziz. Prezio orokorra hiru eurokoa izango da, eta taldeentzat, berriz, euro eta erdikoa. Pentsiodunek, dibertsitate funtzionala dutenek, hamabi urtetik beherakoek eta irakasleek dohainik dute sarrera.

Jarduerak eta tailerrak
Erraldoi eta buruhandiekin lotutako tailer eta jarduerak ere antolatu dituzte. Ondalak konpartsak Erraldoien dantza izeneko jarduera egingo du uztailaren 12an eta 26an, 11:30ean. Sarrera librea izango da eta ez da izenik eman beharko.

Erraldoi bat zure hozkailuan tailerra ere egingo dute uztaileko ostegunetan eta abuztuaren 1ean, 12:00etan. Sei urtetik gorako umeek parte hartu ahal izango dute. Bisita egin eta erraldoien inguruko xehetasunak eta historia ezagutuko dituzte, eta ibilbidea amaitzean, umeek iman bat egingo dute Don Terencio eta Doña Tomasa jaun-andreen irudiekin. Online eman behar da izena, museoaren orrialdean eta euroko bateko kostua du.

Bestalde, gomazko txiki-erraldoi bat ere zozkatuko dute uztailaren 9tik irailaren 1era erakusketa bisitatzen dutenen artean. Horretarako, erraldoiei buruzko galdera sinple bati erantzun beharko diote, eta boto-orria erakusketako sarreran dagoen hautetsontzian utzi. Zozketa irailaren 3an egingo da.