Bilboko Blues jaialdia asteburu honetan izango da
'Blues & Roots' antzerki musikalaren emanaldia egingo da gaur Guggenheim Museoan.
Bilbao Blues Festivalen bigarren edizioa egingo dute bihartik igandera bitartean eta egitarauan kontzertuak, haurrentzako jarduera didaktikoak, kalejirak... izango dira. Aurrez, gaur, Silvia Marsóren eta Del Toro Blues Band-en Blues & Roots antzerki musikala estreinatuko da Guggenheim museoan.
Bihar, hilak 28, honako hauek joko dute Areatzako agertokian: Rick Estrin & The Nightcats, Bette Smith, Shakura S´Aida, Tia Carroll, The Original Blues Brothers Band, Anthony Paule Soul Orchestra, Indigo Blues, Ghalia Volt, Vasti Jackson and the Mississippi Trinity, The Cinelli Brothers, The Big Flyers, Koko-Jean and The Tonics eta Los Mambo Jambo Arkestra.
Bestetik, Rick Estrinek (Kalifornia, 1949) II. Bilbao Blues Festival saria jasoko du.
Bestelako jarduerak
Guggenheim Bilbao Museoak haurrentzako doako hogeita zortzi kontzertu pedagogiko ere eskainiko ditu bihar, TopARTE programaren barruan.
Granujas a todo ritmo dixie bandak,The Blues Brothers film historikoko Jake eta Elwood Blues anaiekin batera, Zazpi Kaleak zeharkatuko ditu igandean, New Orleans estiloko kalejira batean. Filmeko bi protagonistak txotxongilo erraldoi izango dira eta musika-taldearekin batera ibiliko dira.
Bestalde, boogie-woogie ikastaroak ere izango dira Areatzako kioskoan.