Bilboko Aste Nagusiko kartel finalisten artean bozkatzeko aukera dute herritarrek
Asteazkenera arte bozkatu ahalko da kartel irabazlea, aurrez aurre zein online.
Abuztuaren 20tik 28ra izango da Bilboko Aste Nagusia eta jaien irudi izango den kartela hautatzeko prozesua abian da. Lehiaketara aurkeztutako 338 lanen artetik sei finalista aukeratu dituzte. Kartel finalisten lehen hautaketa bederatzi kidek osatutako epaimahaiak egin du: Alicia Fernandez, Rekalde Aretoko zuzendaria; Mario Paniego, BilbaoArte Fundazioko teknikari profesionala; Olga Zulueta, BilbaoCentro Merkatari Elkartearen zuzendari artistikoa; Jose Felix Ruiz, Bizkaiko Publizitate Agentzien Elkartearen zuzendaria; Luis Lopez, kazetaria; Lurdes Luque, Bilboko Konpartsaken ordezkaria; Itziar Urtasun Jaietako zinegotzia eta Jai Batzordearen burua; eta Asier Abaunza eta Xabier Jimenez zinegotziak.
Sei finalisten artean bozka dezakete herritarrek asteazkenera arte. Aurrez aurre eman daiteke bozka Abandoko Barrutiko Udaltegian (Barrainkua kalea), 08:30etik 21:15era. Botoa emateko, nortasun-agiria aurkeztu beharko da. Online ere bada aukera, udal webgunearen bitartez.
Behin betiko erabakia hartzeko herritarren eta epaimahaiaren iritzia hartuko dute kontuan; % 66 herritarren bozka izango da, eta gainerako % 33a, berriz, epaimahai espezializatuaren iritzia. Epaia ekainaren 17an, ostiralean, jakinaraziko da. Lan finalistak 3.000 euroko saria jasoko du.
