Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdia hasiko da bihar

Hamalau estreinaldi inguru izango dira jaialdian eta parte hartuko duten konpainien erdiak Euskal Herrikoak izango dira.

Bad, Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdia, bihartik urriaren 24ra izango da abian eta 20 konpainiek hartuko dute parte bertan, horietatik erdiak euskal herritarrak: Kabia Teatro, Nerea Martínez, Altraste Danza, Lokke / Olatz de Andres, Horman Poster Kolektiboa, Jon Ander Urresti, Isaak Erdoiza & Nazaio Diaz, Colectivo V.A.L.A, Koldo Arostegui eta Cielo Raso. "Tokiko talentua ospatzeko eta babesteko apustu sendoa" egin nahian, berrogei euskal artista inguru izango dira jaialdian.

Dantza garaikidearen, arte bizien, antzerkiaren, performancearen, antzerkigintza berrien edo tailerren proposamenak hiriko eszenatoki hauetan ikusi ahal izango dira: Bilborock aretoan, Harrobian, Campos Antzokian eta bere Cupula aretoan, Berreginen Museoan eta La Fundicion aretoan.

Hainbat ikuskizun estreinatuko dira jaialdian eta horietako bat izango da Nerea Martinezen Abrazo. Euskarazko off ahots-testua duen dantza-ikuskizun honek bi emakumeren bikotea erakusten du, bi gorputz, irudiz betetako soinu-paisaia batek babesten dituen bi eskultura, besarkada infinituetan bildutako emozioak gogorarazten dituztenak. Urriaren 15ean, ostirala, estreinatuko dute Harrobian, 21:00etan. 

Olatz de Andres koreografoak ere Hacer tiempo obra aurkeztuko du, Pilar Andres, Koldo Arostegi, Oihana Vesga eta Robert Jackson euskal dantzariekin batera. Ikerketa eta erakusketa koreografikoa da. Ez da ohiko ikuskizuna, baizik eta gailu performatibo eta erakusketa-gailu bat, non publikoa gera daitekeen edo joan eta geroago itzuli, norberaren baitan edo gailuan zer aldatu den ikusteko. IED Kunsthal Bibao diseinu-eskolan egongo da urriaren 17an, 17:00etatik 21:00etara.

Bestetik, Koldo Arosteguik zuzendutako El ritmo que nos precede izango da ikusgai urriaren 23an. Proposamen honetan, Koldo Arostegui, Eneko Gil eta Natalia Garcia dantzariek, euren gorputzetan idatzita geratu den herentzia aztertuko dute.

Lali Ayguadé Company-k, berriz, Gizaki izeneko ikuskizuna ekarriko du. Covid-19k eragindako berrogeialdian sortutako dantza-pieza da, eta beraz, haren eragina du. Gela batean elkarrekin bizitzen ari diren bi pertsonaiaren esparruan, Akira Yoshidak eta Lali Ayguadék gizakia aztertzen dute. Formatu laburreko dantza pieza honetaz gain, Mercat de la Florsek eta Dansa Quinzena Metropolitanak elkarrekin ekoitzitako dantza-piezan oinarritutako film labur zinematografikoa aurkeztuko da.

My name is Britney Spears izeneko helduentzako dantza garaikideko pieza ere izango da jaialdian. Antzezlan hau ez da Britney Spears-i buruzko azterketa, baizik eta ezer ezkutatu gabe hura gorpuzteko ariketa.  

Egitarau osoa hemen dago kontsultagai. 

Topaketa eta tailerrak
Sektoreko profesionalentzako prestakuntza eta proposamenak ere izango dira jaialdian. Larunbatean, dantzaren, arte dramatikoaren, hezkuntzaren eta ikerketaren hirugarren topaketa egingo dute online. Bi tailer ere programatu dituzte. Lehena larunbatean izango da La Fundicion aretoan. Lali Ayguade eta Akira Yoshida koreografo eta dantzariek mugimendua bilatzeko, sortzeko eta interpretatzeko tresnak partekatuko dituzte. LaRutan tailerra,berriz, bi saiotan egingo dute: urriaren 17an eta 24an, Bilboko Berreginen Museoan. 

Sarrerak salgai
Ikuskizun bakoitzerako sarrerek 10 euroko prezioa dute eta jaialdiaren webgunean eskura daitezke eta espazioetako lehiatiletan, ikuskizunaren egunean bertan.