Bilbaoeszenak 'Artistak Egoitzan' programaren lau irabazleak hautatu ditu
Peformancea, klun, dantza eta ikus-entzunezko piezak daude aukeratuen artean.
BilbaoEszenak Artistak Egoitzan programaren XV. deialdiko lau proiektu irabazleak izendatu ditu. Garapen fasean dauden bi proiektu aukeratuak Olfa Sendesniren Rabi(a)/Amorrua) رابعة performancea eta Silvia Larrauriren clown eta lengoaia berrien Redoble, un proyecto sobre la transformación y el binarismo pieza izan dira. Hasierako fasean dauden proiektuei dagokienez, berriz, Paula Gironiren Enborrak dantza, soinu eta ikus-entzunezko pieza eta Sleepwalk Collective-ren Objeto permanencia izan dira irabazleak.
Olfa Sendesni tunisiarraren Rabia(a)-Amorrua-رابعة piezak pentsamendu, erreferentzia kultural eta hainbat hizkuntzaren (arabiera, gaztelania eta euskara) arteko dantza du ardatz. Ekialde Ertaineko, Ipar Afrikako eta Euskal Herriko kulturen bat-egitea da, poesia mistikoaren, kantu esentzial eta tradizionalaren, dantza zirkularraren, ekialdeko dantzaren eta euskal dantzen bidez.
Silvia Larrauri gasteiztarraren Redoble, un proyecto sobre la transformación y el binarismo pieza, berriz, bi clown okinek protagonizatutako pieza da, eta gure nortasuna, dualtasuna eta binarismoa bitan banatzeko eta ikertzeko beharretik sortzen da.
Paula Gironiren Enborrak kontrastez beteriko gorputz-lana da, jatorrira, enborrera (gorputza) garamatzan definiziotik abiatzen den dantza-lana. Lan honekin lehen dantzarekin genuen harremana eta orain daukaguna ikertu nahi da. Ikus-entzunezko hizkuntza, musika, mugimendua eta testua dira osagai nagusiak.
Azkenik, Sleepwalk Collectiveren Objeto permanencia lanak kulturaren eta pertzepzioaren nozioak aztertzen ditu, bai eta inguratzen gaituen munduarekin erlazionatzen garen moduak ere, gure zentzumenen faltaren bidez. Prozesu hau bere osabarekin, Diego Solano, erretinosi pigmentarioa duen musikari gor-itsuarekin, egindako elkarlana da.
Garapen-fasean dauden proiektuek 4.000 euroko zuzkidura jasoko dute, eta hasierako fasean dauden proiektuek 2.000 eurokoa. Egoitzek hogeita bost egun iraungo dute gehienez, eta hiriko espazio eszenikoetan egingo dira, uztaila, abuztua, iraila eta urria bitartean.