Bihartik ostiralera izango da Huhezinema euskal film laburren jaialdia

Musika izango du ardatz jaialdiaren hamabosgarren edizioak eta bideoklipak ere sarituko dituzte.

Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioa graduko laugarren mailako ikasleek antolatzen duten Huhezinema euskal film laburren jaialdiraren hamabosgarren edizioa bihartik ostiralera izango da. Aurrez aurreko formatua erabat berreskuratuta, hitzaldiak, proiekzioak, eta bestelako ekitaldiak izango dira, esaterako, FX efektuen tailerra, trikipoteoa eta musika kontzertuak. Ekintza guztiak Aretxabaletan izango dira, batzuk Arkupeko Zaraia aretoan bertan eta, beste batzuk, berriz, herriko plazan. 

Bihar, 10.00etatik 13:00etara, masterclass edo topaketa egingo dute, ikasle ohiek unibertsitatetik ateratzerakoan egin dituzten ikus-entzunezko lanen eta egiten ari diren ibilbide profesionalaren inguruan hitz egiteko. Bertako ikasle izandako bost lagunek hartuko dute parte: Asier Rekalde, Mikel Alvarez, Egoitz Ibargoitia, Julen Higuera eta Itxaso Frau. Arratsaldean, 15:00etatik 15:30etara, Nor ari da grabatzen? laburra estreinatuko da, Gerardo Tome, Alba Gonzalez, Aitzol Zubizarreta, Amaia Bargallo eta Xabier Martin ikasle ohiek eta Iban del Campok zuzendutako film laburra. Jarraian, 18:00ak arte, El Hoyo filmagatik Goya saria irabazi duen Bacon SFX enpresak efektu espezialen eta karakterizazioaren inguruko tailerra eskainiko du herriko plazan. Azkenik, trikipoteoa egingo dute Aretxabaletako kaleetan zehar. 

Etzi, hilak 31, Aranzazu Callejak, El Hoyo eta Akelarre filmetako soinu banden sortzaileak, masterclass-a emango du soinu banden sorkuntza eta soinu diseinuaren inguruan, 11:00etatik 13:00etara. Eguerdian, 15:00etatik 17:30era, MU saileko filmak proiektatuko dira. Jarraian, aurkeztutako bideoklipetatik hautatutakoak emango dira, 17:45etik 19:15era. 

Azkeneko egunean, apirilaren 1ean, sail ofizialeko lanak proiektatuko dituzte 15:00etatik 18:30etara. Film guztien ordezkariak egongo dira Zaraia Aretoan euren filmak aurkezten, eta sariak egunean bertan jakinaraziko dira. Ondoren, 19:00etatik 20:00etara, sari banaketa egingo dute, eta jarraian, 20:00etatik 21:30era, mokadutxoa egingo dute. Jaialdiari amaiera emateko, kontzertua izango da 21:30ean. 

Sari ugari
Epaimahai ofizialak euskarazko film onenari UHEZINEMA saria emango dio, 800 eurokoa. MU sailekoentzat ere izango da aitortzarik: fikzio onenaren saria, soinu onenaren saria, ikusleen saria, argazki onena, eta K-saria. Mondragon Unibertsitateko ikasleek osatutako epaimahaiak 400 euroko Vertigo Saria banatuko du eta ikusleen saria lortzen duenak 300 euro jasoko ditu.

Bestetik, hiru sailetan aurkeztutako film laburren artean Giza Eskubideak eta Justizia Sozialaren gaiak egokien txertatuta dituen film labur onena sarituko da. Soinu-nahasketa, grabazio eta diseinu onena duen film laburrak ere jasoko du saria. Bideoklipen kasuan, berriz, hiru sari banatuko dituzte.