Bihar hasiko da Donostiako Musika Hamabostaldia

San Telmo Museoan eta Victoria Eugenia Antzokian izango dira emanaldiak.

Abuztuaren 3etik  irailaren 1era egingo da Donostian Musika Hamabostaldiaren 84. edizioa, San Telmo Museoan eta Victoria Eugenia Antzokian. 

Bi ziklo izango dira San Telmo Museoan. Bata, Antzinako Musika Zikloa izango da, abuztuaren 5etik 27ra, eta bost kontzertu egingo dira, iluntzeko 20:30ean. 

Larunbatean, hilak 5, Tercia Realidad taldeak, Jorge Jiménezen zuzendaritzapean, Farinelliren esentzia eta bere musika berreskuratuko ditu biolinaren soinuaren bidez, 1720ko eta 1730eko hamarkadetan idatzitako errepertorioarekin. Brezza taldeak Preludioak Egiteko Artea izeneko programa interpretatuko du abuztuaren 9an, eta Raquel Andueza eta La Galaniak Seguace d 'amore aurkeztuko dute bi egun geroago. Abuztuaren 19an, Daniel Zapicok, Carlos Mena kontratenorrarekin batera, La Nouvelle Musique eskainiko du. Azkenik, hilaren 27an, Vivid Consort flauta hirukoteak Sundrie interpretatuko du.

Bestea, Ganberako Musika Zikloa izango da, abuztuaren 10etik 23ra, eta hemen ere bost emanaldi egingo dituzte, 20:30etik aurrera. Abuztuaren 10ean, Cuarteto Trifolium hari-laukoteak hasieratik Mozarteraino izan duen bilakaera erakutsiko du. Abuztuaren 13an, Francisco Fernández-Rueda (tenorra), Andoni Mercero (biolina) eta Susana Garciak (pianoa), Nacedo hari-hirukotearekin batera, Vaughan Williamsen On Wenlock Edge zikloan oinarritutako kontzertu bat emango dute.

Cuarteto Bretónek izena ematen dion musikagilearen heriotzaren mendeurrena oroituko du, bere lanen aukeraketa batekin, abuztuaren 17an. Judith Jauregi pianista donostiarrak, Soyoung Yoon biolin-jotzaileak eta Nadège Rochat biolontxelo jotzaileak XIX. mende amaierako egileen lanak eskainiko dituzte abuztuaren 21ean, eta amaitzeko, abuztuaren 23an, Josu de Solaun (pianoa) eta Adolfo Gutiérrez Arenasek (biolontxeloa) Loss & Love diskoa aurkeztuko dute.

Musika herrikoia eta haurrentzako opera
Victoria Eugenian ere izango dira emanaldiak. Abuztuaren 8an, Landarbaso Abesbatza eta Kontarik Nora? ikuskizuna aurkeztuko dute, 19:00etan. Laura Jekabsone eta Maddalen Dorronsororen ideia batetik abiatzen da haurrentzako euskarazko opera hau.

Euskal Barrok Ensemblek, berriz, antzinako musika herrikoiak biltzen dituen ikuskizuna aurkeztuko du, Fallaren El amor brujo oinarri hartuta. Kontzertua abuztuaren 28an izango da, 20:00etan.

Emanaldi guztietarako sarrerak musikahamabostaldia.eus webgunean eta Kursaal nahiz Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan daude salgai.